Alokabide etxebizitza horien giltzak maizterren esku uzten hasi da, Sestaon erroldatuta dauden, 9.000 eta 39.000 euro arteko diru-sarrerak dituzten eta jabetzan etxebizitzarik ez duten pertsonei esleitu ondoren. Bi eta hiru logelako pisuak dira, eta horietako bost, mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta daude. Esleipenean kolektiboak lehenesteko kupoak ezarri dira, hala nola gazteak. Hala, 15 etxebizitza 36 urtetik beherakoentzat dira; 13 etxebizitza premia berezia duten pertsonentzat; 8 etxebizitza, eskubide subjektiboa aitortuta duten pertsonentzat eta 6, kupo orokorrarentzat.
Eusko Jaurlaritza eta Sestaoko Udala lankidetzan ari dira 2005etik, hitzarmena sinatu zuten urtetik, Sestaoko gizarte eta hiri-berroneratzeko programaren hasieran. Akordioaren bidez, Udalak 40.000 m2 lursail baino gehiago laga zituen Galindo Ibarran, eta Visesak dagoeneko bi eraikin egin ditu bertan: babes publikoko 58 etxebizitzako lehen blokea, alokairu sozialekoa, Sestao Berrik kudeatua, eta beste eraikin bat, 105 etxebizitzarekin; horietatik 53 salmentara zuzendu dira; 47 etxebizitza, maizterren artean banatzen dituzte gaur egun, eta 5 etxebizitza erreserbatuta daude hirigintza eta berroneratze eragiketen ondorioz sor litezkeen birkokatzeetarako.
Eusko Jaurlaritzak beste bi eraikin lizitatuko ditu datorren urtean Galindo Ibarreko eremu horretan, eta horiekin babes publikoko 180 etxebizitza gehiago izango ditu udalerriko errentamendu-parkeak. Bi eraikinon eraikuntzak 25 milioi eurotik gorako inbertsioa izango du.