Aurreko uztailaren 3an Sestao Berri eratu zeneko hogeigarren urteurrena ospatu zen. Udalerriko hiri-garapen jasangarri eta integraturako sozietate publiko honetan Sestaoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak parte hartzen dute erdibana. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburu eta Sestao Berriko lehendakaria den Denis Itxaso Sestaora joan zen, eta Labe Garaia parkean, arratsaldez egindako oroitzapenezko ekitaldian parte hartu zuen, Sestaoko alkate eta Sestao Berriko presidenteordea den Gorka Álvarezekin eta Sestao Berriko zuzendari gerentea den Luis Karlos Delgadorekin batera.
Bere hitzaldian, alkateak esan zuen Sestao Berri “hiriaren eta gizartearen eraldaketarako motorra” izan dela, industriaren birmoldaketak eta enpresa handien itxierak eragin zuen gizarte-larrialdiaren aurrean. “Hogei urte geroago -jarraitu zuen Gorka Alvarezek-, eraldaketa nabarmena da; guztia jendearengan eta jendearekin pentsatuz egin da; eta egindako lanari esker, Euskadiko auzo degradatuenetako bat izatetik sariak eta aintzatespenak lortzera igaro gara”.
Bere aldetik, Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak gogorarazi zuen “aro post-industrialak gehien zigortutako inguruneetako bat leheneratzeko erronka “ garatu zuela Sestao Berrik, eta konpromiso partekatu horrek “auzo berrituak, etxebizitza duinagoak eta berriro bizitzeko eta elkartzeko leku diren espazio publikoak ekarri dituela”. Denis Itxasoren hitzetan, “erakundeak, profesionalak eta bizilagunak elkarrekin gabiltzanean, hiri-berroneratzea duintasun, komunitate eta etorkizun bihurtzen da”.
Azkenik, Sestao Berriko zuzendari gerenteak “erakundeen arteko lankidetzak duen garrantzia” azpimarratu zuen, “funtsezkoa baita bide luze honetan”, eta eskerrak eman zizkien “elkarteko zuzendariei eta langileei, gizarte-eragileei, enpresei eta herritarrei, horiek izan baitira honen guztiaren motorra”. Luis Karlos Delgadok azpimarratu zuenez, “orain eta hemen, Labe Garaiaren plazan, gure historia ospatzen dugu, baina, batez ere, etorkizunera begira gaude, konpromisoz eta ilusioz eraikitzeko elkarlanean, Sestaoren zerbitzura”.











