Eusko Jaurlaritzaren Birgaitze Bulegoaren eta erakunde laguntzailearen eskumenak bere gain hartu ondoren, Sestao Berrik etxebizitzen eta eraikinen birgaitze energetikorako laguntzak izapidetuko ditu, Europako Next Generation funtsetatik eta Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik datozenak.
Beraz, horrelako obrak egin nahi dituzten jabekideen erkidegoek eta partikularrek Sestao Berriren bulegoetara jo ahal izango dute laguntza-lerroei buruzko informazioa lortzeko eta oso-osorik han bertan izapidetzeko, bestelako joan-etorririk edo kudeaketarik egin beharrik gabe. Lan hori egin ahal izateko, Sestao Berrik bere lantaldea indartu du, bi pertsona kontratatuta, erkidegoei eta partikularrei diru-laguntza horiek kudeatzeko informazioa eta laguntza emateko.
Etxebizitzen birgaitze energetikoa behar nabarmena da Sestaon; izan ere, higiezinen parkea Ezkerraldeko zaharrenetakoa da, eta isolamendu termikoko gabeziak ditu, egoiliarren erosotasunari eta bizi-kalitateari eragiten dietenak.
Laguntza horien hasierako aurrekontua 39,1 milioi eurokoa da -datozen hilabeteetan beste 47,2 milioi euroko konpromisoarekin-, eta kopuru hori Sestaoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak birgaitze lanetarako eskaintzen dituzten berezko laguntzei gehitu behar zaie.
Laguntzak hiru ildotan banatzen dira: Etxebizitza-eraikinen energia-eraginkortasuna hobetzeko programa, lortutako energia-aurrezkiaren arabera handitzen diren diru-laguntzekin eta kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden pertsonentzako berariazko laguntzekin; Etxebizitzen eraginkortasun energetikoa hobetzeko programa (berokuntzaren eta hozketaren urteko energia eskaria gutxienez %7 murriztu behar dute, eta %30 berriztagarria ez den oinarrizko kontsumoa); eta Eraikinaren Liburua egiteko eta birgaitzeko proiektu teknikoak idazteko programa.
Informazio gehiago nahi izanez gero, hitzordua eskatu behar da Sestao Berriko Birgaitze Bulegoan, 944 064 460 telefonoan edo helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/web01-citavivi/es/aa14aUIWar/housing/aa14aSolicitud.jsp?lang=es