16Aza 2020

Sestaok, Portugaletek eta Santurtzik bertako biztanleak animatu dituzte klima-aldaketari aurre egiteko ideiak eman ditzaten, Europako Climathon ekimenaren esparruan. Ekimena joan den astean hasi zen, zehazki, azaroaren 13an, Europan Global Climathon Day ospatu zenean. Orduan, Europako hiriei dei egin zitzaien, tokiko mailan jardun zezaten klima-aldaketaren erronka globalen aurrean. Climathon-ek gai hauen inguruan hausnartzea eta jardutea proposatzen die herritarrei, gai berezirik zehaztu gabe. Udalerri bakoitzari dagokio gaia zehaztea, gehien kezkatzen duen edo hurbilen ikusten duen klima-erronkaren arabera. Ezkerraldeko udalerrien kasuan, Climathon SPS (Sestao, Portugalete, Santurtzi) ekimenak hausnarketa eta ideia berritzaileak sortzeko prozesua 2030. urtea baino lehen CO2 isuriak erdira murrizteko helburuan oinarritzea proposatu du.

Climathon SPS hiru saiotan, online, egingo da datozen asteetan. Parte-hartzaileek aipatutako erronkari buruz lan egingo dute, Ezkerraldean praktikan jar daitezkeen ideia berritzaileak garatzeko helburuarekin. Prozesu horretatik ondorioztatzen diren ideiak abenduaren 18an aurkeztuko dira jendaurrean, eta Sestaoko, Portugaleteko eta Santurtziko udalek ideia nagusia ezartzeko aukera baloratuko dute eta abian jartzen lagunduko dute. Deialdia ikasleei, ekintzaileei, profesionalei eta herriko elkarteei zuzenduta dago. Parte hartu nahi dutenek azaroaren 25a baino lehen eman behar dute izena: https://climathonsps.com webgunean.

10Aza 2020

Irailaren 30etik urriaren 1era bitartean Malagako Azoka eta Kongresuen Jauregian egin zen Greencities, Hiri-Adimena eta Jasangarritasun Foroaren XIII. edizioan, 1.500 pertsona baino gehiago bildu ziren hiri eta udalerri jasangarri, adimentsu eta eraginkorragoen garapena bultzatzeko. Kongresura erakunde publikoetako arduradunak, enpresa teknologikoak, profesionalak, ikertzaileak eta adituak bertaratu ziren. Greencities erreferentziazko topaketa bihurtu da etorkizuneko hiri adimendun eta jasangarrien eraikuntzan parte hartzen duten eragile guztientzat.

Foroa hirien egungo erronkei, garapen iraunkorrari eta epe labur eta ertaineko lurralde adimendunen proiektuei buruzko ezagutza eta konponbideak partekatzeko aukera da. Esparru horretan, Sestao Berrik Innovation HUB-Ekonomia Zirkularreko bileran parte hartu zuen, elkarte horretako kide delako. Berrikuntza HUBak elkarlan, ikaskuntza eta sormen guneak dira kideen artean. Malagako bileran, parte-hartzaileek Green Deal Europarraren deialdi irekia aztertu eta eztabaidatu zuten, 2050erako karbonoan neutroa den Europa lortzen lagunduko duten proiektu eraldatzaileak finantzatzeko mila milioi euro dituena. Nazio Batuek pobrezia desagerrarazteko eta garapen jasangarriaren bidez planeta babesteko adierazitako Garapen Jasangarriko Helburuetan oinarritutako zenbat proiektu bultzatzen ditu Sestao Berrik. Horietako bat energia berriztagarriaren autokontsumo-komunitateak sortzeko +CityxChange hiri adimendunaren proiektua da. Sestaok Europako proiektu horretan parte hartzen du, Irlanda, Norvegia, Estonia, Txekiar Errepublika, Errumania eta Bulgariako beste sei herrirekin batera.

21Ira 2020

El Sol parkearen birmoldaketa lanak, frontoia estaltzea barne, datozen egunetan hasiko dira eta lau hilabete inguru luzatuko dira. Honako hauek izango dira esku-hartzeak: eremuaren zoladura berria El Sol eta Vicente Díez plazaren arteko pasealeku linealean, argiteria berria, berdeguneen eta hiri-altzarien berrikuntza, eta frontoia estaltzea. Hiri-espazio horiek berreskuratzeari eta berrantolatzeari esker, aisialdirako eta jolas gune hori balioan jarri ahal izango da auzotarrentzat. Gainera, funtzio anitzekoa izango da, Luiskar Delgado Sestao Berriko zuzendari kudeatzaileak azaldu duenez; izan ere, frontoiaren estalkia jartzeak azpiegitura “erabilera anitzeko espazio” bihurtuko du, eta “hainbat jarduera egin ahal izango dira”. Jarduketa horien berri emateko komunikabideen aurrean Sestao Berrik egindako aurkezpen ekitaldian, Josu Bergara Sestaoko alkateak azpimarratu zuen obra horiek oso garrantzitsuak direla udalerriko behealdea berreskuratzeko, “Udalak eta Eusko Jaurlaritzak partekatutako hiri-berroneratzeko estrategia bat” gauzatzen baita bertan. Pedro Jaureguik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordeak bere aldetik, “Txabarri-El Sol bezalako auzo ahulenak berroneratzeko gobernuaren konpromisoa” azpimarratu zuen.

Txabarri-El Sol ARIaren eremuan egingo diren esku-hartzeek ez dira mugatuko aipatutako lanetara, bigarren fase batean jarraituko baitute, azpiegitura komunitario bat hedatuz: auzoko berokuntza edo district heating. Bigarren fase honetan, biomasa-galdara berri bat eta gas naturaleko beste bat instalatuko dira, behar izanez gero erabiltzeko, Txabarri kaleko galdara-gelan. Bertatik, beroa banatzeko bi adar aterako dira: bata, Txabarri kaletik Abenduaren 25 kaleraino, eta bestea, Los Baños kalerantz. Joan den uztailetik, azpiegitura horrek ur beroz eta berokuntzaz hornitzen ditu Txabarriko 249 etxebizitza eta 20 etxabe komertzial. Obra berriek aukera emango dute zerbitzua 189 etxebizitza eta 15 merkataritza-lokaletara zabaltzeko, Los Baños, Txabarri eta Abenduaren 25ean kokatutako 18 ataritan. Hauek ez dira auzoko berokuntza sarean sartuko diren azkenak, beste hainbat ere batuko baitira: Txabarri kaleko 65, 67, 69 eta 73 zenbakiak, zaharberritu ondoren, eta Nikolas Ormaetxea eta Oquillo kalean eraikiko diren etxebizitza berriak.

El Sol parkea birmoldatzeko lanek, frontoiko estalkia jartzeak eta auzoko berogailu sarea zabaltzeak 1,2 milioi euroko aurrekontua dute.

30Uzt 2020

EU-GUGLE proiektu europarrarekin konprometitutako mankomunitateetan birgaitze energetikorako obren amaiera azpimarratzen da Sestao Berri sozietateak argitara eman berri duen 2019ko Jardueren Memoriako balantzean. Horrekin batera, Txabarri-El Sol ARIko zenbait eraikinetan egindako beste jarduera batzuk eta Galindo Ibarreko La Punta eremuan lehenengo etxebizitza-eraikinak amaitu izana ere aipatzen da, besteak beste.

2019ko ekitaldian, halaber, obrak hasi ziren Vicente Díez plazan, azpiegitura ontzia jartzeko bertan. Azpiegiturak, funtsean biomasaz elikatutako auzo-beroketarako District Heating sarearen galdara komunitarioen gela hartzen du.

Udal etxebizitzen parkearen eta ASAP alokairurako interbentzio programaren kudeaketa zehazteaz gain, Sestao Berriren 2019ko Jardueren Memoriak Txabarri-El Sol PERRIaren aldaketa behin betiko onartzeak (2018ko abenduan onartua) iaz izan zuen garrantzia ere aipatzen du. Izan ere, Birgaitze eta Barne Erreformarako Plan Berezi horren guztiaren berrikuspen orokorra egitea ahalbidetu zuen, 2008ko krisialdi ekonomikoaren osteko baliabideetara eta egungo egoera sozioekonomikora egokituta.

2019an izandako beste jarduera estrategiko batzuei buruz garatutako atarikoak ere jasotzen ditu Sestao Berriren txostenak; besteak beste, Ikastunen Eskolaren eta Sorospen Etxearen etorkizuneko erabilerei buruzko hausnarketa eta “Txabarri SestaON Bizi” garapen soziokomunitarioko planaren lehen ekintzen exekuzioari buruzkoa. Plan hori udaleko alderdi politikoek aho batez onartu zuten.

Europako proiektuetan parte hartzeari dagokionez, nabarmentzekoa da 2019an Sestao +CITY XCHANGE proiektuan sartu zela. Energia positiboko barrutiak sortzeko helburua du proiektuak. Horren arabera, energia elektrikoa sortzeko eta autokontsumo partekaturako proiektu-pilotu bat garatuko du Sestaoko hiru eraikinen artean: Ikastunen Eskola, Patronatua eta Arku Etxea.

16Api 2020

Sestao Berri informazio-gutun bat bidaltzen ari zaie udal-jabetzako alokairu sozialeko etxebizitza edo ASAP programari atxikitako alokairuko etxebizitza bat alokatuta duten pertsonei, Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren arloan antolatu dituen laguntzen berri emateko. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak agindu bat onartu du apirileko, maiatzeko eta ekaineko errentak ordaintzetik salbuesteko Covid-19ren ondorioz egoera ekonomiko ahulean dauden alokairu sozialeko etxebizitzaren maizterrak. Neurri horren onuradun izan daitezke Covid-19ren ondorioz langabezian dauden pertsonak eta diru-sarrerak murriztu zaizkien edo salmentetan % 40ko edo gehiagoko beherakada izan duten langile autonomoak.

Eusko Jaurlaritzaren informazio-orri honek laburbiltzen du gobernuaren agindua, eta argi azaltzen du nork jaso dezakeen laguntza. Ezarritako baldintzak betetzen dituztenek Sestao Berrirekin jarri behar dute harremanetan 944 064 460 telefono zenbakian (astelehenetik ostegunera: 8:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara. Ostiraletan: 8:30etik 14:00etara) edo posta elektronikoz: info@sestaoberri.eus

30Mar 2020

Sestao Berri joan den hilean Bruselan egindako azken topaketan izan zen, EIP-SCC Hiri eta Komunitate Adimendunei buruzko Europako Berrikuntza Elkarteak antolatuta, Europako Batzordeak sustatutako EIP-SCC Marketplace ekimenaren barruan.

Ehun pertsona inguruk, erakunde publiko eta pribatuetako eta Europar Batasuneko ordezkariek, parte hartu zuren ekitaldian, harremanak eta jardunbide egokien esperientziak trukatzeko eta lankidetza-jarduera berriak sustatzeko Smart City (Hiri Adimendunak) proiektuekin lotuta. Besteak beste, mugikortasunaren inguruan, IKT arloetan edo ekoizpen eta eraginkortasun energetikoan.

Nazioarteko topaketa honetan jorratutako funtsezko gaietako bat hiri-ekimen berritzaileen finantzaketa izan zen. Gai horri buruzko panela antolatu zuten eta bertan, proiektu bat finantzatu ahal izateko sustatzaileak bete behar dituen baldintzak behar bezala formulatzearen garrantzia azpimarratu zuten adituek.

Europar Batasuneko Faro Horizon 2020 proiektuek erakusketa-gune berezia izan zuten. Proiektuok eraikinen energia-eraginkortasunera, mugikortasun jasangarrira eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloko hiri-berroneratzeko estrategiak garatzera bideratuta daude. Proiektu horien artean, Sestaoren partaidetza duen +Cityxchange nabarmentzen da.

Sestao Berrik oso balorazio positiboa egin zuen topaketa horri buruz, eta lankidetza berriak adostu zituen abian dauden proiektuetarako eta etorkizuneko ekimenetarako nazioartean.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies