Errehabilitazioa

14Uzt 2025

Aurreko uztailaren 3an Sestao Berri eratu zeneko hogeigarren urteurrena ospatu zen. Udalerriko hiri-garapen jasangarri eta integraturako sozietate publiko honetan Sestaoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak parte hartzen dute erdibana. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburu eta Sestao Berriko lehendakaria den Denis Itxaso Sestaora joan zen, eta Labe Garaia parkean, arratsaldez egindako oroitzapenezko ekitaldian parte hartu zuen, Sestaoko alkate eta Sestao Berriko presidenteordea den Gorka Álvarezekin eta Sestao Berriko zuzendari gerentea den Luis Karlos Delgadorekin batera.

Bere hitzaldian, alkateak esan zuen Sestao Berri “hiriaren eta gizartearen eraldaketarako motorra” izan dela, industriaren birmoldaketak eta enpresa handien itxierak eragin zuen gizarte-larrialdiaren aurrean. “Hogei urte geroago -jarraitu zuen Gorka Alvarezek-, eraldaketa nabarmena da; guztia jendearengan eta jendearekin pentsatuz egin da; eta egindako lanari esker, Euskadiko auzo degradatuenetako bat izatetik sariak eta aintzatespenak lortzera igaro gara”.

Bere aldetik, Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak gogorarazi zuen “aro post-industrialak gehien zigortutako inguruneetako bat leheneratzeko erronka “ garatu zuela Sestao Berrik, eta konpromiso partekatu horrek “auzo berrituak, etxebizitza duinagoak eta berriro bizitzeko eta elkartzeko leku diren espazio publikoak ekarri dituela”. Denis Itxasoren hitzetan, “erakundeak, profesionalak eta bizilagunak elkarrekin gabiltzanean, hiri-berroneratzea duintasun, komunitate eta etorkizun bihurtzen da”.

Azkenik, Sestao Berriko zuzendari gerenteak “erakundeen arteko lankidetzak duen garrantzia” azpimarratu zuen, “funtsezkoa baita bide luze honetan”, eta eskerrak eman zizkien “elkarteko zuzendariei eta langileei, gizarte-eragileei, enpresei eta herritarrei, horiek izan baitira honen guztiaren motorra”. Luis Karlos Delgadok azpimarratu zuenez, “orain eta hemen, Labe Garaiaren plazan, gure historia ospatzen dugu, baina, batez ere, etorkizunera begira gaude, konpromisoz eta ilusioz eraikitzeko elkarlanean, Sestaoren zerbitzura”.

07Uzt 2025

Eusko Jaurlaritzak eta Udalak uztailaren 3an ikuskatu zuten Vista Alegre Taldea birgaitzeko obren egoera. 1914an eraiki zuten multzo hori, 11 atarik eta 93 etxebizitzak osatzen dute, eta bertan, egiturazko, energiako eta hirigintza arloko jarduketa osoa martxan ari da. Sestaoko alkate Gorka Álvarezek eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendaren sailburu Denis Itxasok egin zuten birgaitze obren bisita. Lan horien inbertsioa ia 5,3 milioi eurotara iristen da; horietatik, Eusko Jaurlaritzak 4,4 milioi jarri ditu; Udalak, 682.000 euro; eta etxebizitzen jabeek, 191.000 euro.

Esku-hartze konplexu honek hainbat jarduketa biltzen ditu. Hala, bizitegi-eraikinen birgaitzea, fatxaden, etxabeen eta estalkien inguratzaile termikoa hobetuta eta arotzeria eraginkorra jarrita. Aerotermia eta plaka fotovoltaikoen bidez energia termikoa eta elektrikoa ekoizteko sistema ezarri da, barneko airearen kalitatea eta kudeaketa energetikoaren monitorizazioa ahalbidetuz. Horrela, tokiko energia-komunitate bat eratuko da (Edinor eta Piztu Sestaorekin lankidetzan) partekatutako autokontsumorako, eta eraldaketa digitala bultzatuko da (WIFI sare publikoa, ADSL azpiegitura komunitarioa), kudeaketa eraginkorragoa ahalbidetzeko. Prozesu osoa laguntza eta gardentasun informatibo osoz garatzen ari da, bertan jarri den auzoko bulego teknikoari esker (Opengela). Bulego horrek une oro ematen die aholkularitza abeen erkidegoei.

Higiezinak birgaitzeaz gain, urte amaieran inguruko urbanizazioa berritzeari ekingo zaio (Resurrección María Azkue, Antonio Machado eta Los Baños kaleak, eta Amador Palma Parkea), uraren, elektrizitatearen, gasaren eta telekomunikazioen hartune berrituak barne.

Vista Alegre Taldearen birgaitze-proiektu honek “Birgaitze integratuko ekimenik onenaren” sari nazionala jaso zuen AVS 2024 Sarien banaketan. Sarion epaimahaiak bereziki baloratu zituen erkidegoaren inplikazioa, finantzaketa publiko-pribatuaren eredua, eta proiektuaren berrikuntza teknikoa, bizigarritasunean, irisgarritasunean eta energia-eraginkortasunean duen eragina azpimarratuz.

07Uzt 2025

Uztailaren 4an, ostirala, “XXI. mendeko erronkak etxebizitzaren eta Sestaoko Hiri Agendaren arloan” jardunaldi tekniko interesgarria izango da Sestaoko Musika Eskolan. Jarduera Sestao Berri, udalerriko hiri-garapen jasangarri eta integratuko sozietate publikoaren sorreraren hogeigarren urteurrenaren testuinguruan kokatzen da.

Udalerriko alkate Gorka Álvarez eta Etxebizitzako sailburuorde Miguel de los Toyosen eskutik egingo den irekiera instituzionalaren ondoren, erronken analisia eta eztabaida hasiko da, lau eremutan banatutako mahai-inguruetan. Lehenengoak “Etxebizitza eskuragarria eskuratzea” izango du hizpide, eta Mario Yoldik (Eusko Jaurlaritza), Helena Beunzak (ASVALeko presidentea), Iker San Romanek (Etxe Alternatiboa) eta Txema Escolasticok (Bilboko Udal Etxebizitzak) parte hartuko dute, eta Josefina San Miguelek (Sestaoko Udala) moderatuko du.

Hurrengo mahai-inguruan -Hiri-birgaitze, berritze eta berroneratze integratuari buruz- arituko dira Marta Ibarbia (Surbisa), Kepa Iturriaga (Sestaoko Udala), Ainara Sertutxa (Eusko Jaurlaritza) eta Iñigo Corrales (Kursaal Taldea) arituko dira, Ana Telleria (Eusko Jaurlaritza) moderatzailea delarik.

“Eraikuntza industrializatuaren” erronkak Alejandro Santamaria (Visesa), Marta Epelde (BUILD:INN klusterra), Jesus Maria Isoird (Tecnalia) eta Cristina Múgica (Bizkaiko Foru Aldundia) bilduko ditu eztabaidan, Carlos Garcia de Andoin (Sestaoko Udala) moderatzailearekin.

Eztabaidatu beharreko azken erronkak, “Berrikuntza etxebizitzaren eta hiri-agendaren arloan”, Maria Arana (Urbanbat), Juan Manuel Pérez Mira (Ages Aholkularitza), Maria Eugenia Ramos (Gizagune) eta Sergio Serna (Tech Friendly) bilduko ditu, Luiskar Delgado (Sestao Berri) moderatzaile dutela. Jardunaldi Teknikoa amaitzeko, Gorka Alvarez alkate sestaoarrak eztabaiden ondorioak aurkeztuko ditu, eta Juan Carlos Abascal Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordeak ekitaldia itxiko du.

Parte hartzeko, sakatu hemen

12Eka 2025

1. zenbakiko labe garaiaren inguruneari balioa emateko ahalegina administrazio guztien arteko elkarlan instituzionala da, Sestaoko siderurgia-iraganaren testigantzari eusteko helburuarekin. Lanak aurrera jarraitzen du, baina lehen fruituak oso agerikoak dira aspalditik: Sestaok hiri-parke berri bat du, Labe Garaia Parkea, etorkizunean “Altos Hornos de Vizcaya” enpresa historikoaren azken aztarnari sarrera emango diona: hain zuzen ere, 2005ean “Kultura-intereseko ondasun, monumentu kategoriarekin” izendatutako 1 zenbakiko labe garaiari.

Labe Garaia Parkea Sestaoko biztanleen begien bistako errealitate bihurtu aurretik, beharrezkoa izan da instituzio, profesional eta teknikarien talde-lan nabarmena, tamaina honetako jarduera batek dituen zailtasunak gainditu ahal izateko, bideo honetan azaltzen den bezala.

09maiatza 2025

Atzo arratsalde-iluntzean, Bartzelonan, “Etxebizitzaren eta Lurzoruaren arloko Jardunbide Egokien AVS 2025 Sarien” XI. Edizioko sarien banaketa-ekitaldia ospatu zen. Espainia osotik aurkeztutako 36 jarduketa onartu ziren prestigio beteranodun sariotarako lehian parte hartzeko. Sariok AVSk, Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Kudeatzaile Publikoen Espainiako Elkarteak, antolatzen ditu.

Sestao Berrik bi sari jaso zituen. Batetik, “Hiri-berroneratze Integratu Onenaren Saria” hartu zuen, Txabarrin egindako lanagatik, eta, bestetik, Accesit Saria. “Europako Bauhaus Berriarekin lerrokatutako Ondare-eraikinak birgaitzea” kategorian. Azken honetan, Ikastunen Eskola eta Sorospen Gela birgaitzeagatik eta Sestaoko Labe Garaiari balioa emateagatik. Epaimahaiak aho batez erabaki zituen bi sariak.

Espainiako “Hiri-Berroneratze Integraturik Onena” izendatutako Sestao Berriren jarduketak ondorengo hauek biltzen ditu: “Martxoak 8 Plaza”, “Vicente Diez Plaza”, eta Txabarri kaleko 65 zenbakiko eraikinaren birgaitzea, eta Orixe kaleko 6 zenbakiko eta Txabarri kaleko 67 zenbakiko berreraikuntzak.

AVS Sarien Epaimahaiak honako hau esan du jarduketa hauek baloratzeko: “orografia nabarmeneko lursail batean irisgarritasun-arazo bat konpontzea, lurzorua oso urria den eremu batean espazio baldar eta gutxiegi erabiliak berreskuratuz. Eta horrekin batera, eraikuntza-ordezkapena zuzkidura-bizitoki eta birkokatzeak egiteko, segizioa eginez. Kalitatezko espazio publikoak sortu eta udalerriko irisgarritasun bertikala hobetu”.

Sestao Berriri emandako bigarren saria, “Europako Bauhaus Berriarekin lerrokatutako Ondare Eraikinen Birgaitze kategoriako Accesita” izan da. Sestao Berriren “Ikastunen Eskola eta Sorospen Etxea birgaitzeko eta Labe Garaiaren balioa nabarmentzeko Programa estrategikoak” lortu du gorespen saria. Gai honetan, AVS Sarien Epaimahaiak azpimarratu duenez, jarduera guzti horiek “apustu sendoa dira Sestaon XX. mende hasierako ondare industriala berreskuratzeko eta sustatzeko: egungo Turismo Zentroa den Sorospen Etxea birgaituta; berreskuratze-bidean dagoen Ikastunen Eskola; eta kultura-ondare izendatutako Labe Garaia. Nerbioi Itsasadarreko udalerri guztietan industrializazioak izan duen garrantzia ulertzea eta transmititzea ahalbidetuko duten jarduketak dira”.

05Abe 2022

Txabarri inguruan garapen komunitarioa, kohesio soziala eta bizikidetza bultzatzea helburu duen “Txabarri SestaON bizi” izeneko programa Valentzian aurkeztuko da, hiri-berroneratzearen arloko jardunbide egokiaren adibide gisa. Erakusketa AVSk eta AVS Comunitat Valencianak antolatu dute, Valentziako Generalitateko Bigarren Presidenteordetza eta Etxebizitza eta Arkitektura Bioklimatikoaren Kontseilaritzaren eta Valentziako Eraikuntza Institutuaren laguntzarekin. Hitzordua abenduaren 14an eta 15ean izango da Valentziako hiriburuko MuVIM museoan.

Bi saiotan banatutako jardunaldiak hiru gairi helduko die: Plangintza, kudeaketa, fiskalitatea eta finantzaketa; Hiri-birgaitze eta berroneratze kasu errealen esperientziak; eta Berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia. “Txabarri SestaON bizi” programaren erakusketa abenduaren 15ean, osteguna, izango da, Sestao Berriko zuzendari kudeatzaile Luis Carlos Delgadoren eskutik. Sestaoko esperientziarekin batera, beste bi jarduera aurkeztuko dira, horietako bat Valentziako Ontynent herrian urpetutako auzo baten landa berroneratzearekin lotutakoa, eta bestea, Saguntoko auzo batean eginiko esku-hartze integral jasangarria.

Jardunaldia interes handia pizten ari da sektorearekin lotutako eragileen artean, eta orain arte hirurehun pertsonak baino gehiagok eman dute izena aurrez aurreko eta online saioetan parte hartzeko.

10Urr 2022

Sestaok akordio bat sinatu du Energia Eraginkortasunaren Europako Funtsarekin (EEEF), erakunde horren Laguntza Teknikoko Programan sarbidea izateko. Sestao Berrik energia garbiko irtenbideak ezartzea helburu duen Hiri Adimendunen Foroan gauzatu du akordioa. Esparru horretan, Sestaok mota horretako esperientziak gauzatu ditu hirian Energia Positiboko Blokeak garatzen dituen H2020 +CityxChange proiektuan parte hartuta. Proiektu horien aurkezpenak Energia Eraginkortasunaren Europako Funtsaren interesa piztu du, eta Sestao Laguntza Teknikoko Programan onartzea ahalbidetu du. Horri esker, komunitate energetikoak eta esparru osoan eraginkortasunari lotutako beste gai batzuk garatu ahal izango dira, hala nola eraikinen birgaitze energetikoa, argiteria publikoaren modernizazioa eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko estazioen instalazioa, besteak beste.

Energia Eraginkortasunaren Europako Funtsak zeregin horietan parte hartuko du, 200.000 euro inguruko ekarpenarekin, aurreikusitako ekintzen bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta juridikoa zehazten duten hainbat azterlan finantzatzeko. Halaber, Funtsak Sestao Berriri laguntza teknikoa emango dio lehiaketa publiko berrien Europako deialdietan. Deialdi horiek 2023ko udaberrian irekitzea aurreikusten da, eta 14 milioi euro inguruko inbertsioa ekar dezakete. Aurreikusitako proiektuak gauzatzeak aukera emango lioke Sestaori, kalkulu xumeenen arabera, CO2 isuriak % 2,4 murrizteko, industria-sektoreak egiten dituen ekintzak zenbatu gabe. Kopuru hori Sestaon 650 biztanleko karbono-aztarna erabat neutroaren parekoa izango litzateke.

10Urr 2022

Eusko Jaurlaritzaren Birgaitze Bulegoaren eta erakunde laguntzailearen eskumenak bere gain hartu ondoren, Sestao Berrik etxebizitzen eta eraikinen birgaitze energetikorako laguntzak izapidetuko ditu, Europako Next Generation funtsetatik eta Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik datozenak.

Beraz, horrelako obrak egin nahi dituzten jabekideen erkidegoek eta partikularrek Sestao Berriren bulegoetara jo ahal izango dute laguntza-lerroei buruzko informazioa lortzeko eta oso-osorik han bertan izapidetzeko, bestelako joan-etorririk edo kudeaketarik egin beharrik gabe. Lan hori egin ahal izateko, Sestao Berrik bere lantaldea indartu du, bi pertsona kontratatuta, erkidegoei eta partikularrei diru-laguntza horiek kudeatzeko informazioa eta laguntza emateko.

Etxebizitzen birgaitze energetikoa behar nabarmena da Sestaon; izan ere, higiezinen parkea Ezkerraldeko zaharrenetakoa da, eta isolamendu termikoko gabeziak ditu, egoiliarren erosotasunari eta bizi-kalitateari eragiten dietenak.

Laguntza horien hasierako aurrekontua 39,1 milioi eurokoa da -datozen hilabeteetan beste 47,2 milioi euroko konpromisoarekin-, eta kopuru hori Sestaoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak birgaitze lanetarako eskaintzen dituzten berezko laguntzei gehitu behar zaie.

Laguntzak hiru ildotan banatzen dira: Etxebizitza-eraikinen energia-eraginkortasuna hobetzeko programa, lortutako energia-aurrezkiaren arabera handitzen diren diru-laguntzekin eta kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden pertsonentzako berariazko laguntzekin; Etxebizitzen eraginkortasun energetikoa hobetzeko programa (berokuntzaren eta hozketaren urteko energia eskaria gutxienez %7 murriztu behar dute, eta %30 berriztagarria ez den oinarrizko kontsumoa); eta Eraikinaren Liburua egiteko eta birgaitzeko proiektu teknikoak idazteko programa.

Informazio gehiago nahi izanez gero, hitzordua eskatu behar da Sestao Berriko Birgaitze Bulegoan, 944 064 460 telefonoan edo helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/web01-citavivi/es/aa14aUIWar/housing/aa14aSolicitud.jsp?lang=es

  • 1
  • 2

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies