Eusko Jaurlaritzak lizitaziora atera du Txabarrin egingo den Martxoaren 8 Plaza eraikitzeko proiektua, 3,7 milioi euroko gehieneko zenbatekoarekin. Interesa duten enpresek proposamenak aurkezteko epea joan den asteartean, urtarrilaren 31n, amaitu zen.
Plazaren eraikuntzari esker, erabilera publikoa emango zaio 3.500 metro koadroko azalerari, Txabarri, Nikolas Ormaetxea eta Galana kaleetako etxebizitza-etxadi baten barruan kokatutakoari. Auzotarren topagunerako eta aisialdirako eremu berri bat sortzeaz gain, jarduketak tokiaren irisgarritasuna hobetuko du, 19 metroko desnibel handia ekidituz. Horretarako, bi igogailu jarriko dira, plazaren behealdea goikoarekin komunikatuko dutenak.
Plaza berriak harmailadun espazio soziokulturala izango du eta baita eskaladako boulder bat (15 metroko luzera eta 2,5 metroko altuera), aire zabalean kirola egiteko ere. Hiri-altzariez gain (bankuak, paperontziak, jardinerak, barandak eta iturri bat), argiztapen publikorako egitura jarriko da (222 argirekin), argitu gabeko eremuak saihesteko. Halaber, Gogoan Sestao Elkarteak egindako proposamenari jarraituz, mendi-hegalean dagoen zulo bat berreskuratuko da, gerra zibilean babesleku gisa erabili zena, etorkizunean Memoriaren Ibilbide batean integratzeko.
Plaza berriaren itxura ere aldatuko du, zazpi etxebizitza sozialeko eraikin berri baten eraikuntzak Txabarri kaleko 67. zenbakiko orubean, eta horren lizitazioa ere lehiaketara atera da. Txabarri kaletik eta La Galanatik beste sarbide bat izateaz gain, Martxoak 8 Plazak beste bi sarrera berri izango ditu, Abenduak 25 eta Nikolas Ormaetxea kaleetatik.