Eusko Jaurlaritza

10Urr 2022

Eusko Jaurlaritzaren Birgaitze Bulegoaren eta erakunde laguntzailearen eskumenak bere gain hartu ondoren, Sestao Berrik etxebizitzen eta eraikinen birgaitze energetikorako laguntzak izapidetuko ditu, Europako Next Generation funtsetatik eta Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik datozenak.

Beraz, horrelako obrak egin nahi dituzten jabekideen erkidegoek eta partikularrek Sestao Berriren bulegoetara jo ahal izango dute laguntza-lerroei buruzko informazioa lortzeko eta oso-osorik han bertan izapidetzeko, bestelako joan-etorririk edo kudeaketarik egin beharrik gabe. Lan hori egin ahal izateko, Sestao Berrik bere lantaldea indartu du, bi pertsona kontratatuta, erkidegoei eta partikularrei diru-laguntza horiek kudeatzeko informazioa eta laguntza emateko.

Etxebizitzen birgaitze energetikoa behar nabarmena da Sestaon; izan ere, higiezinen parkea Ezkerraldeko zaharrenetakoa da, eta isolamendu termikoko gabeziak ditu, egoiliarren erosotasunari eta bizi-kalitateari eragiten dietenak.

Laguntza horien hasierako aurrekontua 39,1 milioi eurokoa da -datozen hilabeteetan beste 47,2 milioi euroko konpromisoarekin-, eta kopuru hori Sestaoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak birgaitze lanetarako eskaintzen dituzten berezko laguntzei gehitu behar zaie.

Laguntzak hiru ildotan banatzen dira: Etxebizitza-eraikinen energia-eraginkortasuna hobetzeko programa, lortutako energia-aurrezkiaren arabera handitzen diren diru-laguntzekin eta kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden pertsonentzako berariazko laguntzekin; Etxebizitzen eraginkortasun energetikoa hobetzeko programa (berokuntzaren eta hozketaren urteko energia eskaria gutxienez %7 murriztu behar dute, eta %30 berriztagarria ez den oinarrizko kontsumoa); eta Eraikinaren Liburua egiteko eta birgaitzeko proiektu teknikoak idazteko programa.

Informazio gehiago nahi izanez gero, hitzordua eskatu behar da Sestao Berriko Birgaitze Bulegoan, 944 064 460 telefonoan edo helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/web01-citavivi/es/aa14aUIWar/housing/aa14aSolicitud.jsp?lang=es

08Eka 2021

Eusko Jaurlaritzak, Sestaoko Udalak eta Sestao Berrik erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, datozen urteetan Txabarri-El Sol eremuko hiri-berroneratzeko prozesuan egiteke dauden jarduerak bultzatzeko. Jarduketen barruan sartuko dira egoera txarrean dauden etxebizitzak eta higiezinak eraistea, pisu berriak eraikitzea eta zenbait espazio publikoren urbanizazioa hobetzea. Jarduketa horien zenbatekoa 16 milioi eurokoa da, akordioan aurreikusitako inbertsioaren arabera.

Hain zuzen ere, Txabarri kaleko 37, 39, 43, 47, 49 eta 57. zenbakietan eta Los Baños kaleko 49 eta 51. zenbakietan kokatutako zenbait etxebizitza eraikin eraitsiko dituzte. Sestaoko Udala arduratuko da Los Baños kaleko bi eraikinak eraisteaz eta Txabarri kaleko 37, 39, 43 eta 57 atariak eraisteaz. Eusko Jaurlaritzak gauza bera egingo du azken bide horretako 47 eta 49 zenbakiekin. Etxebizitza berriak eraikitzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak Txabarri kaleko 37, 39, 43, 57 eta 59 zenbakietan eta Los Baños kaleko 49 eta 51 zenbakietan eraikiko ditu. Gainera, Txabarriko 69 zenbakia birgaituko du eta urbanizazio-kostuen % 70 ordainduko du, gainerako % 30a Udalaren kontura izanik. Eraikiko diren eraikin berriek 127 etxebizitza sozial inguru hartuko dituzte, alokairuan eskainiko direnak. Bestalde, Sestao Berri arduratuko da lurzoruak Eusko Jaurlaritzari lagatzeaz, etxebizitzak eraiki ditzan, eta beharrezkoak diren ordezko-bizitokiak kudeatzeaz. Lankidetza-hitzarmenean aurreikusitako jarduketen artean Txabarri-El Soleko zenbait espazio publikoren urbanizazioa hobetzea ere aurreikusten da, besteak beste, Vicente Díez plaza, Karrantza kaleko orubea eta Txabarri kaleko 57tik 61era bitarteko zenbakien atzealdea.

16Api 2020

Sestao Berri informazio-gutun bat bidaltzen ari zaie udal-jabetzako alokairu sozialeko etxebizitza edo ASAP programari atxikitako alokairuko etxebizitza bat alokatuta duten pertsonei, Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren arloan antolatu dituen laguntzen berri emateko. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak agindu bat onartu du apirileko, maiatzeko eta ekaineko errentak ordaintzetik salbuesteko Covid-19ren ondorioz egoera ekonomiko ahulean dauden alokairu sozialeko etxebizitzaren maizterrak. Neurri horren onuradun izan daitezke Covid-19ren ondorioz langabezian dauden pertsonak eta diru-sarrerak murriztu zaizkien edo salmentetan % 40ko edo gehiagoko beherakada izan duten langile autonomoak.

Eusko Jaurlaritzaren informazio-orri honek laburbiltzen du gobernuaren agindua, eta argi azaltzen du nork jaso dezakeen laguntza. Ezarritako baldintzak betetzen dituztenek Sestao Berrirekin jarri behar dute harremanetan 944 064 460 telefono zenbakian (astelehenetik ostegunera: 8:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara. Ostiraletan: 8:30etik 14:00etara) edo posta elektronikoz: info@sestaoberri.eus

12Ots 2020

Datorren asteartean, otsailak 18, “Hiriak pentsatzeko era berri bat. Hiri-agenda” izenpeko Jardunaldia egingo da Sestaoko Musika Eskolan. Tokiko berrikuntza eta hiri-garapeneko politikaren beharra balioztatu nahi da Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko helburuaren aurrean. Sestao Berrik eta Tech friendly-k antolatutako ekimen honek Hiri Agendaren esparru estrategikoak herri mailan eskaintzen dituen aukerak jorratuko ditu, eta bere helburuen berri emango du, baita jardunbide egokien aurkezpenekin ere.

Jardunaldia goizeko 9etan hasiko da Musika Eskolako Ekitaldi Aretoan. Sestaoko alkate Josu Bergarak ongietorria eman ondoren, GJHei tokiko esparrutik heltzeko moduari buruzko txostenen azalpena hasiko da: Patricia Molinak (Tecnalia) Europa Ikuspegia-Hiri Agenda aurkeztuko du; Sustapen Ministerioko Sonia Hernandezek gauza bera egingo du Espainiako Hiri Agendarekin; Arantza Leturiondok (Eusko Jaurlaritza), Euskadi-Bultzatu 2050 Hiri Agendarekin; eta Leyre Madariagak, Tokiko Agenda 2030ekin. Ondoren, Agate Goyarrolak (Ihobe) Tokiko Agenda 2030 ezartzeko metodologia jorratuko du. Kafea hartzeko etenaldiaren ondoren, antolatuta dauden bi eztabaidetako lehena hasiko da, “Tokiko berrikuntza, GJHen garapenerako driver gisa”. Hurrengo eztabaidaren izenburua “GJHak bilatzen. Plangintza estrategikotik ekintzara”. Jardunaldia itxi aurretik, Tech Cities rankingaren I. Deialdiaren irekiera ofiziala egingo da.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies