Eusko Jaurlaritza

21Ira 2020

El Sol parkearen birmoldaketa lanak, frontoia estaltzea barne, datozen egunetan hasiko dira eta lau hilabete inguru luzatuko dira. Honako hauek izango dira esku-hartzeak: eremuaren zoladura berria El Sol eta Vicente Díez plazaren arteko pasealeku linealean, argiteria berria, berdeguneen eta hiri-altzarien berrikuntza, eta frontoia estaltzea. Hiri-espazio horiek berreskuratzeari eta berrantolatzeari esker, aisialdirako eta jolas gune hori balioan jarri ahal izango da auzotarrentzat. Gainera, funtzio anitzekoa izango da, Luiskar Delgado Sestao Berriko zuzendari kudeatzaileak azaldu duenez; izan ere, frontoiaren estalkia jartzeak azpiegitura “erabilera anitzeko espazio” bihurtuko du, eta “hainbat jarduera egin ahal izango dira”. Jarduketa horien berri emateko komunikabideen aurrean Sestao Berrik egindako aurkezpen ekitaldian, Josu Bergara Sestaoko alkateak azpimarratu zuen obra horiek oso garrantzitsuak direla udalerriko behealdea berreskuratzeko, “Udalak eta Eusko Jaurlaritzak partekatutako hiri-berroneratzeko estrategia bat” gauzatzen baita bertan. Pedro Jaureguik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordeak bere aldetik, “Txabarri-El Sol bezalako auzo ahulenak berroneratzeko gobernuaren konpromisoa” azpimarratu zuen.

Txabarri-El Sol ARIaren eremuan egingo diren esku-hartzeek ez dira mugatuko aipatutako lanetara, bigarren fase batean jarraituko baitute, azpiegitura komunitario bat hedatuz: auzoko berokuntza edo district heating. Bigarren fase honetan, biomasa-galdara berri bat eta gas naturaleko beste bat instalatuko dira, behar izanez gero erabiltzeko, Txabarri kaleko galdara-gelan. Bertatik, beroa banatzeko bi adar aterako dira: bata, Txabarri kaletik Abenduaren 25 kaleraino, eta bestea, Los Baños kalerantz. Joan den uztailetik, azpiegitura horrek ur beroz eta berokuntzaz hornitzen ditu Txabarriko 249 etxebizitza eta 20 etxabe komertzial. Obra berriek aukera emango dute zerbitzua 189 etxebizitza eta 15 merkataritza-lokaletara zabaltzeko, Los Baños, Txabarri eta Abenduaren 25ean kokatutako 18 ataritan. Hauek ez dira auzoko berokuntza sarean sartuko diren azkenak, beste hainbat ere batuko baitira: Txabarri kaleko 65, 67, 69 eta 73 zenbakiak, zaharberritu ondoren, eta Nikolas Ormaetxea eta Oquillo kalean eraikiko diren etxebizitza berriak.

El Sol parkea birmoldatzeko lanek, frontoiko estalkia jartzeak eta auzoko berogailu sarea zabaltzeak 1,2 milioi euroko aurrekontua dute.

29Urt 2020

Lehenengo fasean, District Heating edo auzo-berokuntzak zortzi komunitate hornituko ditu berokuntza eta ur bero sanitarioarekin, guztira 250 etxebizitza, Txabarri-El Sol eremuan. Dagoeneko kokatu dira galdarak gelan, 1,4 MW-ko potentzia sortzeko prestatuak. Hiru galdara dira -bi biomasakoak, 500 eta 250 kW-koak, eta bat gasezkoa, 650 kWh-koa. Vicente Díaz plazaren azpian eraikitzen ari diren galdara-gelan daude. Lanak amaitzen direnean, plaza berriak igogailu bat izango du Txabarri eta Los Baños kaleen arteko irisgarritasuna hobetzeko.

Auzoko berogailua biomasaz (pelletak) elikatzen da, eta azpiegitura horren ingurumen-abantailei energia-efizientzia gehitzen zaie, dirua aurreztuz. Joan den abenduaren amaieran, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Etxebizitza sailburuordeek eta Sestaoko alkateak, besteak beste, Sestao Berrik antolatutako bisita instituzionalean parte hartu zuten proiektu garrantzitsu honen aurrerapena egiaztatzeko. Proiektua Sestaoko behealdea birgaitzeko egitasmoen artean kokatzen, ekimen jasangarria eta energetikoki eraginkorra delarik.

28Ots 2019

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak eta Josu Bergara Sestaoko alkateak gaur goizean sinatu dute konpromiso-akordio berria, Txabarri-El Sol aldeko hiri-birgaitzea amaitzeko.

Sestaoko alkateak Josu Bergarak adierazi du “egun historikoa” dela udalerriarentzat; izan ere, “gaur laguntza handia eman zaio Txabarriko hirigintza-birgaitzearen prozesuari, eta batez ere ibilbide-orri argia zehaztu dugu Sestaoko beheko alde osoa urte gutxiren buruan eraberritu dadin.
Bestalde, Arriola sailburuak esan du berak zuzentzen duen Saila “konprometituta dagoela Sestaoko hiri-suspertzearekin, Euskadin identifikatutako auzo ahulak birsortzeko egin duen apustu orokorraren barruan, euskal herritarren % 31 bizi baita horietan”. “Estrategia horretarako” gaineratu du: “beharrezkoa da denboran iraungo duen esku-hartzea egitea, eta hori egiteko modu onena da erakundeen artean lankidetza estua egotea eta Europako programen laguntza izatea, Txabarri-El Sol Auzunean egin den bezala”.

Burutuko diren lanak honako hauek izango dira: 16 infraetxe-eraikin eraitsiko dira, 134 etxebizitza eraiki eta beste 30 etxebizitza eraberritu, eta horrez gain herritarren bizi-kalitatea hobetzeko espazio publikoak eraldatu. Proiektu hauek gauzatzea erakunde bien finantza-gaitasunera egokitu ahal izateko, bi fasetan egingo dira lanak. Informazio gehiago hurrengo berrietan emango dugu.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies