Gertaera

16Aza 2021

AVS Kudeatzaile Publikoek, Euskal Herriko Unibertsitateak, Sestao Berrik eta Sestaoko Udalak antolatutako “Etxebizitza produktiboari begiradak” jardunaldiak Sestaora iritsiko dira gaur arratsaldean, eta hemen emango dituzte astearen gainerako egunak, txosten, hitzaldi, eztabaida eta bestelako jarduerekin, hori guztia etxebizitzari, birgaitzeari eta hiri-berroneratzeari lotuta.
Zikloaren inaugurazio ofiziala gaur goizean egin da Bilbon, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan. Bertan, lehen saiora bertaratu direnei ongietorria eman die Sestao Berriko zuzendari gerentea eta AVS Euskadiko presidentea den Luiskar Delgadok. Agurraren ondoren, zikloaren aurkezpen instituzionalean parte hartu dute Pedro Jauregi, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuordeak; Jeronimo Escalera, AVSko presidenteak; Ainhoa Basabe, Sestaoko alkateak; Beatriz Zabalondo, Bizkaiko Errektoreordetzako Kultura eta Euskara Saileko zuzendariak; Asier Benavides, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko ordezkaritzako presidenteak; eta Jose Angel Medina, Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienaleko komisarioaki.
Erakunde ofizialen agurraren ondoren, etxebizitza produktiboaren kontzeptua jorratu dute begirada ezberdinekin ondorengo hauek: Pablo García Astrain, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendaria; Iñigo García eta Ibon Salaberria, UPV/EHUko Arkitektura Eskolako irakasle eta EHUko Etxebizitza Produktiboari buruzko Ikerketaren koordinatzaileak; Elvira Lopez eta Luiskar Delgado, AVSko 3R Taldeko koordinatzaileak; eta Arantza Lauzirika eta Edurne Gonzalez, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasle eta euskal unibertsitate-sistemako AKMEKA, Arte, Media eta Kultura talde finkatuaren ikertzaileak. Eztabaida amaituta, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bilboko egoitzara bisita programatu da, bertan Juan Daniel Fullaondo arkitektoari buruzko erakusketa ikusteko.
Arratsaldean, Sestaon jarraituko du “Etxebizitza produktiboari begiradak” izeneko lehen jardunaldiak. Herri horretara itsasontziz egingo da bidaia, itsasadarrean barrena. Ezkerraldeko udalerri horretako Musika Eskolako lokaletan, birgaitze-bulegoei buruzko hausnarketa-tailer bat egingo da, Gerardo Ruiz Palomequeren txostenarekin, “Birgaitzearen kudeaketa koordinatua hurbileko interakzio-espazioen bidez”, eta “Euskarria bizi-ziklo gisa, paisaia berreskuratzea” lelopeko eztabaidarekin, Miriam Garciaren eta Joan Roigen eskutik, Ander Gortazar errelatore gisa jardunez. Bihar Sestaon jarraituko dute jardunaldiek, goizeko bederatzietan hasita.

08Aza 2021

Sestao Berrik, Sestaoko Udalak, AVS Gestores Públicos elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako “Etxebizitza produktiboari begiradak” Jardunaldiak egingo dira azaroaren 16, 17, 18 eta 19an. Izenburu horrekin hainbat jarduera prestatu dira, besteak beste, ponentzien aurkezpena, eztabaida parte-hartzaileak, lan-tailerrak, erakusketak, bisita gidatuak eta bestelako ekitaldiak paraleloan. Hori guztia etxebizitzarekin eta hiri-birgaitzearekin lotuta eta ikuspegi oso desberdinetatik landuta. Jardunaldiok Mugak Arkitektura Bienalaren barruan egingo dira.
Egitarau zabala azaroaren 16an, asteartea, hasiko da. UPV/EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan aurkezpen instituzionalaren ondoren, etxebizitza produktiboaren kontzeptuari buruzko lehen hitzaldiak hasiko dira, begirada desberdinetatik jorratuta, jardunaldien izenburu orokorrak dioen bezala. Ondoren, Bizkaiko Arkitektoen Elkargoan Juan Daniel Fullaondo arkitektoari buruzko erakusketa bisitatzea programatu da, itsasadarrean zehar itsasontziz ibilbidea egin aurretik Bilbotik Sestaoraino. Azken herri honetan, arratsaldean, birgaitze-bulegoei buruzko gogoeta-tailerra eta solasaldia izango da, azken hau “Euskarria bizi-ziklo gisa paisaia berreskuratzeko” izenpean.
Azaroaren 17an, asteazkena, “Eraikitakoan esku hartzea” izenburuko jardunaldia Sestaon egingo da oso-osorik. Bertan, Europako funtsak, hiri-birgaitze eta berroneratze integraturako planak eta Hiri-Agenda egiteko Gida, eta Birgaitze-politiken jarraipena eta ebaluazioa landuko dira. “Inor atzean utzi gabe birgaitzearen aldeko Aliantza” ere aurkeztuko da, eta Birgaitzea finantzatzeko tresnak jorratuko dira mahai-inguru batean. Arratsaldean, AVSren 3R Taldearen jarduerak aurkeztuko dira, eta “Nola antolatu parte-hartzeko tailer bat eremuak elkar sortzeko hirian” eta “Auzoak eraberritu, etxe bat baino zerbait gehiago” eztabaidak plazaratuko dira.
“Etxekoa” izenburupean, azaroaren 18an, osteguna, Sestaon jarraituko du zikloak “Langileen etxebizitza proiektua” hitzaldiarekin eta Tipi Tailerraren lan-prozesuaren aurkezpenarekin. Beste hiru hitzaldik (“Lanean bizitzea”, “Baserria sormen esperientziatik birpentsatzea” eta “Bere zereginetatik langileen borrokara: bizitzaren iraunkortasuna erdian”) eta mahai-inguru batek (“Etxeko lanaz. Etxeko espazioak eta hierarkia espazialak”) osatuko dute eguneko egitaraua, arratsaldez, Hiru Kontzejuen Plazan, aire zabalean herri-zinemari buruzko saio batekin biribilduta. Bertan, “Lan Ikus-entzunezko Langile Jaialdiaren” filmen aukeraketa bat proiektatuko da.
“Etxebizitza produktiboari begiradak” zikloko azken jardunaldia online zuzenduko da azaroaren 19an, ostirala. Jardunaldien balantzea egingo da eta ondorioak aurkeztuko dira. Itxiera-saioaren txostena honako honi buruzkoa izango da: “New Bauhaus, erabilgarria ederra egin”.
Lekuen edukiera dela eta, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Hemen egin daiteke. Eta beste esteka honetan, programatutako guztia kontsultatu.

29Urr 2021

Sestao Berrik sustatuta, “Sestaoko Vicente Diez plazan 184 etxebizitza energetikoki birgaitzeko eta District Heating bat instalatzeko” proiektuak Etxebizitza eta Lurzoruaren Kudeatzaile Publikoen Espainiako Elkarteak eman zituen 2020ko AVS Sarietako bat lortu zuen atzo Sevillan. Zehazki, accesit bat eman zioten “Ingurumen kudeaketa hobea izan duen enpresa” kategorian. Epaimahaiak proiektuaren hainbat alderdi azpimarratu zituen saritzeko orduan. Horrela, aktan jasotzen denez, baloratu zuen “berokuntza eta ur beroa sanitarioaren sistema zentralizatu eta jasangarri bat egitea, auzune oso bat hornitzen duena, barruti bakoitzeko % 40 eta % 80 arteko lehen mailako energia aurreztea lortzea; energia berriztagarrien erabilera areagotzea; hiri-ingurunea eta irisgarritasuna hobetzea; berokuntza eta ur bero sanitarioko zerbitzuaren erabiltzaileen prestakuntza; sentsibilizazioa eta kudeaketa independentea egiteko aukera; eta prozesuan zehar ezarritako baldintzak ingurugiroaren kalitatea hobetzeko”.

“Eraikuntza Berriko, Etxebizitza Sozialaren Kudeaketako, Ingurumenaren Kudeaketako, Birgaikuntzako eta Zerbitzu Publikoetako Praktika Onenen AVS Sariak” banatzeko ekitaldia atzo, urriak 28 osteguna, ospatu zen Andaluziako hiriburuan. Bertan, AVS erakunde antolatzaileak -Sestao Berri elkarteko kidea da-, bere Batzar Nagusia egin zuen ondoren.

Sari-banaketara etxebizitza publikoarekin lotutako sektoreetako ordezkaritza zabala bertaratu zen, eta baita erakundeetako ordezkariak ere. 2020ko AVS Sarien deialdira proiektu ugari aurkeztu ziren, Espainia osotik. Aurre-hautaketaren ondoren, epaimahaiak guztira 30 hautagaitza onartzea erabaki zuen, atal desberdinetan.

AVS Sariak bi urtez behingo ekimena dira eta atzo banatutakoak 2020ko zazpigarren edizioari dagozkie, koronabirusaren pandemiak ezarritako murrizketen ondorioz atzeratu behar izan zena. Sestaoko alkatea den Ainhoa Basabek jaso zuen Sestao Berriri emandako saria. Ekitaldiaren anfitrioi gisa jardun zuen EMVISESA, Sevillako Etxebizitza, Lurzoru eta Ekipamenduko udal enpresako presidenteak, Juan Manuel Flores Corderok eman zion aintzatespena.

03Eka 2021

Maiatzaren azken asteburuan inauguratu zen ofizialki Txabarriko frontoi estali berria, herri kirolen, sokatiraren eta harri-jasotzaileen erakustaldiekin, jai giroan, Salleko Trikitixen Taldeak eta Txabarriko Ostalaritza Elkarteak antolatutako “pintxopote” batek girotuta.

Frontoiaren estaldurari esker, erabilera anitzeko espazio argiztatua sortu ahal izan da, eta mota guztietako jarduerekin erabili ahal izango da urte osoan zehar, eguraldia gorabehera. Sestao Berri azpiegitura berri horren eraikuntza zuzendu du, Txabarri-El Sol gunean egiten ari den hiri-berroneratzeko lanean beste urrats bat izanik. Kantxa estaliarekin batera, inguruko eremuak birmoldatzeko eta hobetzeko beste lan batzuk egin dira, Alfredo Marin, Isaac Albeniz eta Vicente Díez plazaren arteko espazioan. Horrela, parkearen zoladuraren gainean jardun da, argiteria publikoa eta lorezaintza berritu dira eta bideozaintzako kamerak jarri dira. El Soleko pilotaleku estaliak 850.000 euroko inbertsioa izan du, horietatik 500.000 Eusko Jaurlaritzak jarri ditu eta gainontzekoa, Sestaoko Udalak.

21maiatza 2021

Sestaoko Udalak bat egin zuen Alkateen Klima eta Energia Itunarekin iazko abenduan. Atxikimendu horrek udalerrian CO2 eta berotegi-efektuko beste gas batzuen isurketak murrizteko konpromisoa hartzea dakar. Alkateen Klimaren eta Energia Ituna 61 herrialdetako udaleko eta eskualdeko hamar mila gobernu baino gehiago biltzen dituen nazioarteko ekimena da. Izenpetzaileek klimaren eta energiaren nazioarteko helburuak ezartzeko konpromisoa hartzen dute.

Sestao Itunari atxikitako udalerrietako bat da. Euskadin 21 dira, eta Eusko Jaurlaritzak horien guztien lana aitortu du maiatzaren 19an egindako ekitaldi batean, diploma banaketarekin.

Sestao Berriri agindutako Ekintza Planak -Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak 7.475 euroko diru-laguntza eman dio horretarako- trantsizio energetikoari eta klimatikoari ekiteko tokiko eremutik martxan jarri behar diren neurriak zehaztuko ditu. 2050erako proposatutako helburuen artean dago udalerrien deskarbonizazioa bizkortzea, klima-aldaketaren inpaktuetara egokitzeko ahalmena indartzea eta herritarrek energia seguru, jasangarri eta eskuragarria eskura dezaten lortzea.

31Mar 2021

Joan den martxoaren 22an, Sestaoko Kueto ikastetxe publikoko Lehen Hezkuntzako seigarren mailako hogei bat ikaslek Sestaoko behealdean kokatuta dagoen District Heating, auzo-berokuntzarako azpiegitura bisitatu zuten. EU-GUGLE birgaitze energetikorako Europako proiektuaren babespean egin da Sesta Berrik bultzatutako instalazioa. Azpiegitura komunitario honek berokuntza eta ur bero sanitarioa banatzen ditu auzoko laurehun etxebizitzatara

Lehen Hezkuntzako ikasturte horretako bi klasetako ikasleek azpiegitura horri buruzko hasierako azalpen bat jaso zuten instalazioen kanpoaldean, Vicente Díez plazako beheko aldean, auzoko berogailuaren galdara-gela dagoen lekuan. Aurkezpenaren ondoren, ikasleak txandaka sartu ziren barrura, eta Tecman, District Heating garatzeaz arduratzen den diseinuko ingeniaritzako adituek instalazioaren funtzionamendua zehatz-mehatz azaldu zieten ikasleei. Ikasleok gertutik ikusi eta ulertu ahal izan zituzten biomasa eta gas-galdarak, biomasa-siloa, deskarga-eremua, kudeaketa-sistema informatikoa eta auzoko berokuntza osatzen duten gainerako elementuak. Ikasleek interes handia agertu zuten bisitan, eta hori hainbat galderatan islatu zen. Tecman enpresak bideo bat egin du azpiegitura horren funtzionamendua azaltzeko.

24Mar 2021

Joan den larunbatean, martxoaren 21ean, Sestaoko ondare historikoari balioa emateko eta inguruko ostalaritza eta merkataritza sustatzeko “Labe Garaia Eguna” ekimenaren lehen edizioa egin zen Txabarrin. Sestaoko Udalak, Sestao Berrik, 3K Kultur Elkarteak, Txabarri Ostalaritza Elkarteak eta Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak antolatu zuten jardunaldia. Ekimena Txabarri Sestaon Bizi udal-programaren barruan dago, auzoko hiri-berroneratze eta berroneratze soziokomunitarioko prozesuan laguntzeko.

Labe Garaia Egunaren lehen edizioak harrera ona izan zuen, bereziki, labe garaiaren bisita gidatuak. Dozenaka lagunek eman zuten izena ekimenean parte hartzeko, eta Sestao Berriko bulegoetan plaza eskatu zuten, baita telefonoz edo telematikoki ere. Eskari ugaria ikusita, hiru bisita-txanda antolatu behar izan ziren, hasieran aurreikusitako txanda bakarraren ordez.

Altos Hornos de Vizcaya 1920an sortu eta 1996an itxi zen, urte luzeetako jarduera biziaren ondoren. Labe Garaia da garai hartako lekukotasun gisa geratzen den bakarra. Industria-monumentua da eta bisita gidatuak nola funtzionatzen zuen azaltzen du. Labe Garaiaren kontserbazioaren eta babesaren garrantzia azpimarratzen da bisitaldian, Industria Ondarearen eta Obra Publikoaren Euskal Elkarteak bultzatzen duen bezala.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies