Sestao Berri

10Urr 2022

Sestaok akordio bat sinatu du Energia Eraginkortasunaren Europako Funtsarekin (EEEF), erakunde horren Laguntza Teknikoko Programan sarbidea izateko. Sestao Berrik energia garbiko irtenbideak ezartzea helburu duen Hiri Adimendunen Foroan gauzatu du akordioa. Esparru horretan, Sestaok mota horretako esperientziak gauzatu ditu hirian Energia Positiboko Blokeak garatzen dituen H2020 +CityxChange proiektuan parte hartuta. Proiektu horien aurkezpenak Energia Eraginkortasunaren Europako Funtsaren interesa piztu du, eta Sestao Laguntza Teknikoko Programan onartzea ahalbidetu du. Horri esker, komunitate energetikoak eta esparru osoan eraginkortasunari lotutako beste gai batzuk garatu ahal izango dira, hala nola eraikinen birgaitze energetikoa, argiteria publikoaren modernizazioa eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko estazioen instalazioa, besteak beste.

Energia Eraginkortasunaren Europako Funtsak zeregin horietan parte hartuko du, 200.000 euro inguruko ekarpenarekin, aurreikusitako ekintzen bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta juridikoa zehazten duten hainbat azterlan finantzatzeko. Halaber, Funtsak Sestao Berriri laguntza teknikoa emango dio lehiaketa publiko berrien Europako deialdietan. Deialdi horiek 2023ko udaberrian irekitzea aurreikusten da, eta 14 milioi euro inguruko inbertsioa ekar dezakete. Aurreikusitako proiektuak gauzatzeak aukera emango lioke Sestaori, kalkulu xumeenen arabera, CO2 isuriak % 2,4 murrizteko, industria-sektoreak egiten dituen ekintzak zenbatu gabe. Kopuru hori Sestaon 650 biztanleko karbono-aztarna erabat neutroaren parekoa izango litzateke.

10Urr 2022

Eusko Jaurlaritzaren Birgaitze Bulegoaren eta erakunde laguntzailearen eskumenak bere gain hartu ondoren, Sestao Berrik etxebizitzen eta eraikinen birgaitze energetikorako laguntzak izapidetuko ditu, Europako Next Generation funtsetatik eta Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik datozenak.

Beraz, horrelako obrak egin nahi dituzten jabekideen erkidegoek eta partikularrek Sestao Berriren bulegoetara jo ahal izango dute laguntza-lerroei buruzko informazioa lortzeko eta oso-osorik han bertan izapidetzeko, bestelako joan-etorririk edo kudeaketarik egin beharrik gabe. Lan hori egin ahal izateko, Sestao Berrik bere lantaldea indartu du, bi pertsona kontratatuta, erkidegoei eta partikularrei diru-laguntza horiek kudeatzeko informazioa eta laguntza emateko.

Etxebizitzen birgaitze energetikoa behar nabarmena da Sestaon; izan ere, higiezinen parkea Ezkerraldeko zaharrenetakoa da, eta isolamendu termikoko gabeziak ditu, egoiliarren erosotasunari eta bizi-kalitateari eragiten dietenak.

Laguntza horien hasierako aurrekontua 39,1 milioi eurokoa da -datozen hilabeteetan beste 47,2 milioi euroko konpromisoarekin-, eta kopuru hori Sestaoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak birgaitze lanetarako eskaintzen dituzten berezko laguntzei gehitu behar zaie.

Laguntzak hiru ildotan banatzen dira: Etxebizitza-eraikinen energia-eraginkortasuna hobetzeko programa, lortutako energia-aurrezkiaren arabera handitzen diren diru-laguntzekin eta kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden pertsonentzako berariazko laguntzekin; Etxebizitzen eraginkortasun energetikoa hobetzeko programa (berokuntzaren eta hozketaren urteko energia eskaria gutxienez %7 murriztu behar dute, eta %30 berriztagarria ez den oinarrizko kontsumoa); eta Eraikinaren Liburua egiteko eta birgaitzeko proiektu teknikoak idazteko programa.

Informazio gehiago nahi izanez gero, hitzordua eskatu behar da Sestao Berriko Birgaitze Bulegoan, 944 064 460 telefonoan edo helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/web01-citavivi/es/aa14aUIWar/housing/aa14aSolicitud.jsp?lang=es

07Uzt 2022

Joan den ekainaren 29an jardunaldi bat egin zen Asturiasko hiriburuan etxebizitza publikoen sustapenaren eta kudeaketaren egungo testuinguruari buruz. Next Generation funtsen bidez etxebizitza sozialak eta eskuragarriak sustatzea eta birgaitzea jorratu zen, AVS etxebizitzaren eta lurzoruaren kudeatzaile publikoen Espainiako elkarteak antolatutako topaketan. Sestao Berri gonbidatu zuten etxebizitza sozialak sustatzeko eta birgaitzeko esku artean dituen proiektuak bertan azaltzeko. Sestao Berriko gestore Luis Carlos Delgadorekin batera, AVS Valentziako Erkidegoko presidente Antonio Martinezek eta Malagako Etxebizitzako Udal Institutuko gerente José María Cerezok hartu zuten parte bilkuran. Melania Alvarez Asturiasko Printzerriko Eskubide Sozial eta Ongizateko kontseilariak, Ignacio Cuesta Oviedoko alkateordeak eta Javier Martin Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko Etxebizitzako zuzendari nagusiak inauguratu zuten jardunaldia.

Sestaok hiri-garapen iraunkor integratuaren arloan dituen erronkak eta Sestao Berrik eremu horretan emandako erantzunak azaldu zituen Luis Carlos Delgadok. Hala, plangintza estrategiko eta operatiboa aipatu zuen, honako zutabe hauetan oinarrituta: Espainiako Hiri Agendaren proiektu pilotua; Sestao 2030 Hiri Agenda; alokairu sozial eta eskuragarriaren eta hiri-berroneratze integratuaren tokiko Estrategia; 2021-2023 Etxebizitzaren Plan Zuzentzailearekin eta Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialarekin bat etortzea; kudeatzaile publikoen elkartean laguntasuna; Zientzia eta teknologiaren aldeko Innpulso hirien sarean sarrera; Horizon 2020 Txabarri +CityxChange berrikuntzaren proiektu europarra.

Sestao Berriko gerenteak sozietatean kudeaketa eta garapen eredua ere azaldu zuen, hurbileko bulego lana; erakunde izapidetzaile gisa lortutako aitorpena; alokairu eskuragarrirako proiektuak; zeharkako proiektu estrategikoak (Energia Eraginkortasunaren Europako Funtsarekin hitzarmena); auzoen garapen komunitarioa; tokiko energia-komunitateen sorrera; merkataritza eta turismoaren dinamizazioa; eta hiri-berroneratzean ekonomia zirkularra sortzeko proiektuen bultzada. Delgadok azpimarratu zuenez, “lan horri ebaluazio zorrotza eta ekonomikoki justifikatua egiten zaio, eta etxebizitzaren arloko politika publikoen arrakasta eta hiri birgaitzearen eta berroneratzearen arloan gauzatutako jardunbide egokiak baloratzeko aukera ematen du”.

29Eka 2022

Oviedoko La Reconquista hotela izan da bart AVS 2022 Sarien banaketaren eszenatokia. Etxebizitza eta lurzoruaren kudeatzaile publikoen Espainiako Elkarteak bi urtean behin ematen dituen sariak dira, eta aurten VIII. ediziora iritsi dira. Ekitaldian etxebizitza publikoarekin zerikusia duten hainbat sektoretako ordezkariak izan ziren, baita instituzioetako ordezkariak ere.

Sestao Berrik irabazi zuen sari nagusia “Hiri birgaitze eta biziberritzearen arloko Jarduketa Onena”ren kategorian, Txabarri Sestaon Bizi programari esker. Epaimahaiak honela definitu zuen programa hori: “Jarduketa integral honek herritarren alderdiak eta herritarren parte-hartze aktiboa uztartzen ditu gizarte-kohesioarekin, azpiegiturekin eta eraikuntzarekin, eta ekipamenduarekin eta eraginkortasun energetikoarekin, administrazio guztien inplikazioa lortuta”. Epaimahaiaren arabera, azpimarratzekoa da, halaber, “arlo bakoitzari heltzeko modu berritzailea, gatazkak kudeatzeko zeharkako taldea, hiri-berrikuntzako laborategia eta elkarte-sarea sortuta”. Halaber, “eremu publikoen tratamendurako azpiegiturak ere nabarmentzen dira, elkarbizitza, aisia, merkataritza eta energia-eraginkortasuna sustatzeko, District Heating ezarpenaren bidez”. Azken alderdi horri dagokionez, honako hauek azpimarratzen du: “energia eraginkortasuna oso handia duten etxebizitzak birgaitzea (A), instalazioak erabiltzeko auzokideen prestakuntza eta bizilagunei horien kontsumoa eta kostua denbora errealean ezagutzeko aukera ematen dien sistema ezartzea”. Azkenik, Epaimahaiaren aktak etxebizitzen diseinua eta berresleipena balioesten ditu, “familia bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta; plegu teknikoetako klausula sozio-ingurumenekoak; eta bereziki gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonak laneratzen eta sustatzen diharduten enpresekin eta irabazi-asmorik gabeko erakundeekin lankidetzan aritzea”.

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko Etxebizitzarako Politika eta Laguntzen zuzendariorde nagusi Anselmo Menéndezek Sestao Berriri eman zion saria, eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendari Mario Yoldik eta Sestao Berriko zuzendari gerente Luis Carlos Delgadok jaso zuten.

11maiatza 2022

Sestaoko Udalak kudeaketa-gomendioa egin dio Sestao Berri sozietateari Tokiko Hiri Agenda idazteko. Hau da, 2030era arte udalerriaren garapen iraunkorra sustatzeko ekintzak antolatuko dituen dokumentu estrategikoa, Espainiako Hiri Agendak 2030erako proposatzen dituen helburu eta jarduera-ildoekin bat etorriz. Tokiko Hiri Agendaren helburua Sestaoko ekonomiaren, ingurumenaren eta gizartearen jasangarritasuna bultzatzea da, besteak beste, hiri-berroneratze, klima-aldaketaren aurkako borroka, gizarte-kohesioa, aukera-berdintasuna, ondarearen balioa, trantsizio digitala, mugikortasuna eta turismo jasangarria sustatuz, besteak beste.

Sestao Berrik Tokiko Hiri Agendaren behin betiko ekintza-plana egingo du, eta, horretarako, Barakaldoko Tech Friendly ingeniaritzaren laguntza izango du. Plana herritarren partaidetzarako ekimen batekin hasiko da. Hedapen-ekintzak ere bultzatuko dira; besteak beste, informazio-webgune bat abian jarriko da eta Sestaoko Hiri Behatokia sortuko da, Agenda jarraitu eta ebaluatzeko.

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak hautatutako 111 udalerrietako bat da Sestao, Hiri Agendaren Tokiko Ekintza Planaren proiektu pilotua egiteko. Horretarako, 150.000 euroko diru-laguntza bideratu dio Next Generation funts europarretatik.

05maiatza 2022

Sestao Berrik hitzarmen bat sinatu du Eusko Jaurlaritzako Lurralde, Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin, alde batetik, Birgaitze Bulegoaren funtzioak bere gain hartzeko eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Laguntzaile bihurtzeko. Azken horrek, praktikan, birgaitze-laguntzekin lotutako espedienteak osorik izapidetzea dakar. Baimenari esker, Next Generation susperraldi ekonomikorako Europako funtsak ahalik eta gehien aprobetxatuko dira, eta Sestao Berrik zuzenean izapidetu ahal izango ditu Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko bizitegi-birgaikuntzarako laguntza-programak (urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretua).

Europako berreskurapen-funtsen helburua covid-19aren pandemiaren ondoren munduko ekonomiak berreraikitzeko prozesuan laguntzea da. Aurreikusitako jarduera-ardatzen artean, eraikuntza parkea birgaitzeko eta hobetzeko jarduketak bultzatzea dago, energiaren eta jasangarritasunaren esparruan eragin nabarmena izanik.

Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako akordioaren arabera, Sestao Berrik bere gain hartzen ditu informazio eta aholkularitza funtzioak, Birgaitze Bulego gisa, eta agente eta egoitza bihurtzen da eraikinen eta etxebizitzen bizitegi-birgaikuntzarekin lotutako laguntzen izapidetze integralerako. Laburbilduz, “leihatila bakarra”, laguntza-eskaerak bideratzeko eta osorik izapidetzeko jabekideen erkidegoen, partikularren, enpresen eta, oro har, errehabilitazio-agenteen zerbitzura.

15Mar 2022

Energia-eraginkortasuneko irizpide handiekin egindako 231 etxebizitzaren birgaitzea eta 450 etxebizitzatarako biomasatik datorren energia berriztagarriz elikatutako auzoko-berokuntza sistemaren instalazioa goraipatu ditu SOStenibilitate Sarien epaimahaiak Sestao Berri hautatzekoan. Sariok El Correo egunkariak eta BBVAk ematen dituzte eta Sestao Berriri “Energia jasangarriaren eta ez kutsatzailearen” kategoriakoa eman diote. Mugikortasun jasangarria, ibilgailuen eta erregaiaren erabileraren murrizketa, eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarriak sustatzen dituzten ekimenak aintzatesten ditu sariak.
SOStenibilitate Sarien helburua berrikuntza sustatzea eta garapen jasangarriaren balioak partekatzen dituzten enpresa, profesional eta erakundeak aintzatestea da, Basque Country 2030 Agendarekin lerrokatutako ekimenekin.
Sari hauen bigarren edizioa izan da aurtengoa eta hiru kategoriatan banatu dira: Enpresa-berrikuntza jasangarria, Jasangarritasunaren erreferentea eta Energia jasangarria eta ez-kutsatzailea. Aurten Euskadiko 64 enpresa eta erakunde aurkeztu dira sarietara. Aintzatespenak atzo, martxoak 14, banatu ziren Guggenheim Museoan, Bilbon. Sari bakoitzak 5.000 euro eta oroimenezko garaikurra ditu.
SOStenibilitate Saria jaso duten Sestao Berrik sustatutako jarduketek energia-eraginkortasuneko irizpideekin birgaitutako Txabarri-El Sol eremuko 20.000 metro koadro hartzen dituzte, bost eraikinetan banatuta. Esku-hartze horiek Europako Eu-Gugle proiektuaren babesean egin dira, 1,6 milioi euroko diru-laguntza bideratuta. Proiektuaren helburua ia zero energia birgaitzeko eredu bideragarriak lortzea zen, Europa osoan komunitate eta hiri adimendunetan errepika zitezkeenak. Esperientzia Europako sei hiritan gauzatu da, horien artean Sestaon.

19Aza 2021

AVS Kudeatzaile Publikoek, Euskal Herriko Unibertsitateak, Sestao Berrik eta Sestaoko Udalak antolatutako “Etxebizitza produktiboari begiradak” zikloa gaur amaituko da online saio batekin, aste honetan Bilbon eta Sestaon egindako jardunaldi presentzialen ondoren. Gaur jardunaldion ondorioak aurkeztuko dituzte Ibon Salaberriak, Iñigo Garciak, eta Ander Gortazar, Eze Collantes eta Ula Ururetagoiena errelatoreek, guztiak UPV/EHUko Arkitektura Eskolakoak; Edurne Gonzálezek,UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultatekoa; eta Elvira Lopezek eta Luiskar Delgadok, AVSko 3R Taldeko koordinatzaileak.
Jardunaldien itxiera-saioak azken hitzaldi bat izango du, honako hau, hain zuzen ere: “New Bauhaus: erabilgarria ederra egin”, Lluís Comerón CSCAE Espainiako Arkitektoen Elkargoen Kontseilu Goreneko presidenteak,aurkeztuta, itxiera instituzionala egin aurretik. Azken hau, ondorengoen adura izango da: Juanjo Arrizabalaga UPV/EHUko Arkitektura Eskolako dekanoa; Arantza Lauzirikak, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoa, eta Enrique Bueso, AVS Espainiako Etxebizitza eta Lurzoru Kudeatzaile Publikoen Elkarteko gerentea.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies