Udala

12Eka 2025

Sestao Berriko zuzendari gerentea den Luis Carlos Delgado, Francisco José Zapater arkitektoarekin batera, “Etxebizitzaren eta lurzoruaren kudeatzaile publikoen jardunbide onenak” liburuaren egileak dira. Liburuan, arlo horretako azken hamarkadako (2013-2024) jardunbide egokiak jasotzen dira.

Bilduma duela gutxi aurkeztu da, eta etxebizitzaren sektore publikoan egindako jarduerak batzen ditu, hain zuzen ere, AVS sariak merezi izan dituztenak kategoria guztietan. Hala, obra berriko eraikuntzarik onenak, etxebizitza-parkearen kudeaketa eta administrazio onenak, birgaitze jasangarriak, hiri-berroneratzeak edo zerbitzu publikoen kudeaketak, besteak beste, nabarmendu dira. Argitalpenean jasotako adibideetan irizpide teknikoak eta kudeaketa irizpide berritzaile eta iraunkorrak isladatzen dira, baita alderdi sozialak ere, hala nola herritarren parte-hartzea, edo esku-hartzeak izan duen garapena eta enplegua sortzeko gaitasuna.

Jardunbide Egokien AVS Sarien deialdietan, etxebizitzaren kudeatzaile publikoek aurkezten dituzten jarduketak lehian dira, sektore pribatuko eta gizarte zibileko profesionalek eta enpresek parte hartzen dutelarik. Delgadoren eta Zapaterren argitalpen honetan jasotako sariek eta akzesitek jarduketa bakoitzaren puntu nabarmenak islatzen dituzte -deskriptiboki, teknikoki eta bisualki-, baita leku bakoitzean izandako eragina ere.

Gogoan izatekoa da Sestao Berrik udalerrian egindako jarduketei hainbat aldiz eman zaizkiela AVS sariak. Azken aldiz, joan den maiatzaren 8an, Bartzelonan. Bertan, bi sari jaso zituzten: “Hiri-Berroneratze Integratu Onenaren Saria”, Txabarrin egindako lanagatik; eta akzesita, “Europako Bauhaus Berriarekin lerrokatutako ondare-eraikinak birgaitzea” kategorian, Ikastunen Eskola birgaitzeagatik, sorospen-gelagatik eta Sestaoko Labe Garaiari balioa emateagatik. Bi aintzatespen horiek sarietako epaimahaiaren aho bateko babesa izan zuten.

12Eka 2025

1. zenbakiko labe garaiaren inguruneari balioa emateko ahalegina administrazio guztien arteko elkarlan instituzionala da, Sestaoko siderurgia-iraganaren testigantzari eusteko helburuarekin. Lanak aurrera jarraitzen du, baina lehen fruituak oso agerikoak dira aspalditik: Sestaok hiri-parke berri bat du, Labe Garaia Parkea, etorkizunean “Altos Hornos de Vizcaya” enpresa historikoaren azken aztarnari sarrera emango diona: hain zuzen ere, 2005ean “Kultura-intereseko ondasun, monumentu kategoriarekin” izendatutako 1 zenbakiko labe garaiari.

Labe Garaia Parkea Sestaoko biztanleen begien bistako errealitate bihurtu aurretik, beharrezkoa izan da instituzio, profesional eta teknikarien talde-lan nabarmena, tamaina honetako jarduera batek dituen zailtasunak gainditu ahal izateko, bideo honetan azaltzen den bezala.

12Urr 2023

• TOKIKO TRANTSIZIO ENERGETIKORAKO ERRONKAK jardunaldiak kudeaketa energetikoko adituak bilduko ditu
• Jardunaldia tokiko erakundeei, energia zerbitzuen enpresei eta eskualdeko herritarrei zuzenduta dago.

JAURDUNALDIAREN PROGRAMA

Sestaon, 2023ko Urriak 10

Sestaok tokiko trantsizio energetikoko adituak bilduko ditu urriaren 19an. “Tokiko trantsizio energetikoranzko erronkak” jardunaldiak erronkak eta aukerak jorratuko ditu etorkizun iraunkorrago baterako bidean.

Trantsizio energetikoa prozesu kritikoa da, eta energia-iturri kutsakorretatik energia berriztagarri eta garbiagoetara aldatu behar da. Udalerriak funtsezko eragile bihurtu dira eraldaketa horretan, eta jardunaldi honen helburua aldaketa hori nola lideratu dezaketen aztertzea da.

Baieztatutako hizlarietako batzuk honako hauek dira: Ainhoa Basabe, Sestaoko alkatea; Iñigo Ansola, EEEko zuzendari nagusia; Lada Strelnikova, Energia Eraginkortasunerako Europako Funtseko Inbertsio Iraunkorren zuzendaria; Rafael Gil, SAWATCO energia-eraginkortasunean aditua den aholkularitza-enpresako CEOa; Luiskar Delgado, Sestaoko Udalerako SeSmart proiektuaren koordinatzailea, eta beste aditu batzuk, besteak beste, Vicinay Sestao, Arcelor Mittal, Edinor, Iberdrola eta LKS Krean enpresetako ordezkariak.

Goizeko saioa, 9 00etatik 14:30etara, lau bloketan banatuta egongo da. Energia-kudeaketari hainbat ikuspegitatik helduko zaio:

• Tokiko trantsizio energetikorako plangintza estrategiko publikoa: Hainbat udalerrik beren esperientziak partekatuko dituzte beren tokiko komunitateetan eguzki-energiaren, energia eolikoaren eta beste iturri berriztagarri batzuen proiektuak inplementatzeko.
Klimaren eta energiaren aldeko ekintza-planak hedatzea: udal-instalazioetan energia-eraginkortasuna hobetzeko estrategiak eztabaidatuko dira, tokiko eremutik energia-kontsumoa eta karbono-emisioak murrizteko.

• Tokian tokikoari eragiten dioten deskarbonizazio-planak: Eskualdean egoitza duten enpresa batzuek ikatza kentzea eta energia-trantsizioa modu eraginkorragoan bultzatzeko dituzten ekimenak kontatuko dizkigute.

• Herritarren ahalduntzea trantsizio energetikorantz: Sektoreko enpresa desberdinekin landuko dugu herritarrei energiaren sorkuntzarekin, kontsumoarekin eta kudeaketarekin lotutako erabakietan parte hartzeko beharrezkoak diren ezagutza eta tresnak ematearen garrantzia, horrela praktika iraunkorragoak hartzea eta energia-kultura arduratsua sortzea sustatuz. Arratsaldeko saioa, 18:00etatik 20:00etara, herritarrei eta Sestaoko eta inguruko udalerrietako elkarteei zuzenduta egongo da:

• Trantsizio energetikoari buruzko hezkuntza- eta kontzientziazio-tailerra: Helburua da sentsibilizatzea komunitatea ahalduntzeko praktika energetiko iraunkorrak hartzen. Tokiko energia-komunitateentzako irtenbideak eta adibideak aurkeztuko dira.

Trantsizio energetikoa lehentasuna den testuinguru global honetan, ekitaldi honek tokiko ekintzak guztiontzako etorkizun berde eta osasungarriagoa eraikitzeko duen garrantzia nabarmentzen du. Nagusiki, zerbitzu publikoetako ingurumen-arduradunei, energia-zerbitzuen enpresei, tokiko elkarteei eta herritarrei zuzenduta dago.

IZEN-EMATEAK

Sestao Berrik antolatu du ekitaldia, Sestaoko Udalaren laguntzarekin, eta +CityxChange proiektuaren barruan dago. Sestaok, Europako beste sei hirirekin batera, erreferentziazko hiri bihurtu nahi du irtenbide energetiko adimendunak eta positiboak integratzeko orduan. Hiri horiek esperientziak partekatzen dituzte, elkarrengandik ikasteko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko azkarrago aurrera egiteko.

Trantsizio energetikoa ez da erronka hutsa, baizik eta aukera bat udalerriek klima-aldaketaren aurkako borrokan ezberdintasuna markatzeko.

05Ots 2023

Eusko Jaurlaritzak lizitaziora atera du Txabarrin egingo den Martxoaren 8 Plaza eraikitzeko proiektua, 3,7 milioi euroko gehieneko zenbatekoarekin. Interesa duten enpresek proposamenak aurkezteko epea joan den asteartean, urtarrilaren 31n, amaitu zen.

Plazaren eraikuntzari esker, erabilera publikoa emango zaio 3.500 metro koadroko azalerari, Txabarri, Nikolas Ormaetxea eta Galana kaleetako etxebizitza-etxadi baten barruan kokatutakoari. Auzotarren topagunerako eta aisialdirako eremu berri bat sortzeaz gain, jarduketak tokiaren irisgarritasuna hobetuko du, 19 metroko desnibel handia ekidituz. Horretarako, bi igogailu jarriko dira, plazaren behealdea goikoarekin komunikatuko dutenak.

Plaza berriak harmailadun espazio soziokulturala izango du eta baita eskaladako boulder bat (15 metroko luzera eta 2,5 metroko altuera), aire zabalean kirola egiteko ere. Hiri-altzariez gain (bankuak, paperontziak, jardinerak, barandak eta iturri bat), argiztapen publikorako egitura jarriko da (222 argirekin), argitu gabeko eremuak saihesteko. Halaber, Gogoan Sestao Elkarteak egindako proposamenari jarraituz, mendi-hegalean dagoen zulo bat berreskuratuko da, gerra zibilean babesleku gisa erabili zena, etorkizunean Memoriaren Ibilbide batean integratzeko.

Plaza berriaren itxura ere aldatuko du, zazpi etxebizitza sozialeko eraikin berri baten eraikuntzak Txabarri kaleko 67. zenbakiko orubean, eta horren lizitazioa ere lehiaketara atera da. Txabarri kaletik eta La Galanatik beste sarbide bat izateaz gain, Martxoak 8 Plazak beste bi sarrera berri izango ditu, Abenduak 25 eta Nikolas Ormaetxea kaleetatik.

05Abe 2022

Txabarri inguruan garapen komunitarioa, kohesio soziala eta bizikidetza bultzatzea helburu duen “Txabarri SestaON bizi” izeneko programa Valentzian aurkeztuko da, hiri-berroneratzearen arloko jardunbide egokiaren adibide gisa. Erakusketa AVSk eta AVS Comunitat Valencianak antolatu dute, Valentziako Generalitateko Bigarren Presidenteordetza eta Etxebizitza eta Arkitektura Bioklimatikoaren Kontseilaritzaren eta Valentziako Eraikuntza Institutuaren laguntzarekin. Hitzordua abenduaren 14an eta 15ean izango da Valentziako hiriburuko MuVIM museoan.

Bi saiotan banatutako jardunaldiak hiru gairi helduko die: Plangintza, kudeaketa, fiskalitatea eta finantzaketa; Hiri-birgaitze eta berroneratze kasu errealen esperientziak; eta Berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia. “Txabarri SestaON bizi” programaren erakusketa abenduaren 15ean, osteguna, izango da, Sestao Berriko zuzendari kudeatzaile Luis Carlos Delgadoren eskutik. Sestaoko esperientziarekin batera, beste bi jarduera aurkeztuko dira, horietako bat Valentziako Ontynent herrian urpetutako auzo baten landa berroneratzearekin lotutakoa, eta bestea, Saguntoko auzo batean eginiko esku-hartze integral jasangarria.

Jardunaldia interes handia pizten ari da sektorearekin lotutako eragileen artean, eta orain arte hirurehun pertsonak baino gehiagok eman dute izena aurrez aurreko eta online saioetan parte hartzeko.

11maiatza 2022

Sestaoko Udalak kudeaketa-gomendioa egin dio Sestao Berri sozietateari Tokiko Hiri Agenda idazteko. Hau da, 2030era arte udalerriaren garapen iraunkorra sustatzeko ekintzak antolatuko dituen dokumentu estrategikoa, Espainiako Hiri Agendak 2030erako proposatzen dituen helburu eta jarduera-ildoekin bat etorriz. Tokiko Hiri Agendaren helburua Sestaoko ekonomiaren, ingurumenaren eta gizartearen jasangarritasuna bultzatzea da, besteak beste, hiri-berroneratze, klima-aldaketaren aurkako borroka, gizarte-kohesioa, aukera-berdintasuna, ondarearen balioa, trantsizio digitala, mugikortasuna eta turismo jasangarria sustatuz, besteak beste.

Sestao Berrik Tokiko Hiri Agendaren behin betiko ekintza-plana egingo du, eta, horretarako, Barakaldoko Tech Friendly ingeniaritzaren laguntza izango du. Plana herritarren partaidetzarako ekimen batekin hasiko da. Hedapen-ekintzak ere bultzatuko dira; besteak beste, informazio-webgune bat abian jarriko da eta Sestaoko Hiri Behatokia sortuko da, Agenda jarraitu eta ebaluatzeko.

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak hautatutako 111 udalerrietako bat da Sestao, Hiri Agendaren Tokiko Ekintza Planaren proiektu pilotua egiteko. Horretarako, 150.000 euroko diru-laguntza bideratu dio Next Generation funts europarretatik.

05maiatza 2022

Sestao Berrik hitzarmen bat sinatu du Eusko Jaurlaritzako Lurralde, Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin, alde batetik, Birgaitze Bulegoaren funtzioak bere gain hartzeko eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Laguntzaile bihurtzeko. Azken horrek, praktikan, birgaitze-laguntzekin lotutako espedienteak osorik izapidetzea dakar. Baimenari esker, Next Generation susperraldi ekonomikorako Europako funtsak ahalik eta gehien aprobetxatuko dira, eta Sestao Berrik zuzenean izapidetu ahal izango ditu Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko bizitegi-birgaikuntzarako laguntza-programak (urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretua).

Europako berreskurapen-funtsen helburua covid-19aren pandemiaren ondoren munduko ekonomiak berreraikitzeko prozesuan laguntzea da. Aurreikusitako jarduera-ardatzen artean, eraikuntza parkea birgaitzeko eta hobetzeko jarduketak bultzatzea dago, energiaren eta jasangarritasunaren esparruan eragin nabarmena izanik.

Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako akordioaren arabera, Sestao Berrik bere gain hartzen ditu informazio eta aholkularitza funtzioak, Birgaitze Bulego gisa, eta agente eta egoitza bihurtzen da eraikinen eta etxebizitzen bizitegi-birgaikuntzarekin lotutako laguntzen izapidetze integralerako. Laburbilduz, “leihatila bakarra”, laguntza-eskaerak bideratzeko eta osorik izapidetzeko jabekideen erkidegoen, partikularren, enpresen eta, oro har, errehabilitazio-agenteen zerbitzura.

15Mar 2022

Energia-eraginkortasuneko irizpide handiekin egindako 231 etxebizitzaren birgaitzea eta 450 etxebizitzatarako biomasatik datorren energia berriztagarriz elikatutako auzoko-berokuntza sistemaren instalazioa goraipatu ditu SOStenibilitate Sarien epaimahaiak Sestao Berri hautatzekoan. Sariok El Correo egunkariak eta BBVAk ematen dituzte eta Sestao Berriri “Energia jasangarriaren eta ez kutsatzailearen” kategoriakoa eman diote. Mugikortasun jasangarria, ibilgailuen eta erregaiaren erabileraren murrizketa, eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarriak sustatzen dituzten ekimenak aintzatesten ditu sariak.
SOStenibilitate Sarien helburua berrikuntza sustatzea eta garapen jasangarriaren balioak partekatzen dituzten enpresa, profesional eta erakundeak aintzatestea da, Basque Country 2030 Agendarekin lerrokatutako ekimenekin.
Sari hauen bigarren edizioa izan da aurtengoa eta hiru kategoriatan banatu dira: Enpresa-berrikuntza jasangarria, Jasangarritasunaren erreferentea eta Energia jasangarria eta ez-kutsatzailea. Aurten Euskadiko 64 enpresa eta erakunde aurkeztu dira sarietara. Aintzatespenak atzo, martxoak 14, banatu ziren Guggenheim Museoan, Bilbon. Sari bakoitzak 5.000 euro eta oroimenezko garaikurra ditu.
SOStenibilitate Saria jaso duten Sestao Berrik sustatutako jarduketek energia-eraginkortasuneko irizpideekin birgaitutako Txabarri-El Sol eremuko 20.000 metro koadro hartzen dituzte, bost eraikinetan banatuta. Esku-hartze horiek Europako Eu-Gugle proiektuaren babesean egin dira, 1,6 milioi euroko diru-laguntza bideratuta. Proiektuaren helburua ia zero energia birgaitzeko eredu bideragarriak lortzea zen, Europa osoan komunitate eta hiri adimendunetan errepika zitezkeenak. Esperientzia Europako sei hiritan gauzatu da, horien artean Sestaon.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies