Eusko Jaurlaritzak, Sestaoko Udalak eta Sestao Berrik erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, datozen urteetan Txabarri-El Sol eremuko hiri-berroneratzeko prozesuan egiteke dauden jarduerak bultzatzeko. Jarduketen barruan sartuko dira egoera txarrean dauden etxebizitzak eta higiezinak eraistea, pisu berriak eraikitzea eta zenbait espazio publikoren urbanizazioa hobetzea. Jarduketa horien zenbatekoa 16 milioi eurokoa da, akordioan aurreikusitako inbertsioaren arabera.
Hain zuzen ere, Txabarri kaleko 37, 39, 43, 47, 49 eta 57. zenbakietan eta Los Baños kaleko 49 eta 51. zenbakietan kokatutako zenbait etxebizitza eraikin eraitsiko dituzte. Sestaoko Udala arduratuko da Los Baños kaleko bi eraikinak eraisteaz eta Txabarri kaleko 37, 39, 43 eta 57 atariak eraisteaz. Eusko Jaurlaritzak gauza bera egingo du azken bide horretako 47 eta 49 zenbakiekin. Etxebizitza berriak eraikitzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak Txabarri kaleko 37, 39, 43, 57 eta 59 zenbakietan eta Los Baños kaleko 49 eta 51 zenbakietan eraikiko ditu. Gainera, Txabarriko 69 zenbakia birgaituko du eta urbanizazio-kostuen % 70 ordainduko du, gainerako % 30a Udalaren kontura izanik. Eraikiko diren eraikin berriek 127 etxebizitza sozial inguru hartuko dituzte, alokairuan eskainiko direnak. Bestalde, Sestao Berri arduratuko da lurzoruak Eusko Jaurlaritzari lagatzeaz, etxebizitzak eraiki ditzan, eta beharrezkoak diren ordezko-bizitokiak kudeatzeaz. Lankidetza-hitzarmenean aurreikusitako jarduketen artean Txabarri-El Soleko zenbait espazio publikoren urbanizazioa hobetzea ere aurreikusten da, besteak beste, Vicente Díez plaza, Karrantza kaleko orubea eta Txabarri kaleko 57tik 61era bitarteko zenbakien atzealdea.