Energia-eraginkortasuneko irizpide handiekin egindako 231 etxebizitzaren birgaitzea eta 450 etxebizitzatarako biomasatik datorren energia berriztagarriz elikatutako auzoko-berokuntza sistemaren instalazioa goraipatu ditu SOStenibilitate Sarien epaimahaiak Sestao Berri hautatzekoan. Sariok El Correo egunkariak eta BBVAk ematen dituzte eta Sestao Berriri “Energia jasangarriaren eta ez kutsatzailearen” kategoriakoa eman diote. Mugikortasun jasangarria, ibilgailuen eta erregaiaren erabileraren murrizketa, eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarriak sustatzen dituzten ekimenak aintzatesten ditu sariak.
SOStenibilitate Sarien helburua berrikuntza sustatzea eta garapen jasangarriaren balioak partekatzen dituzten enpresa, profesional eta erakundeak aintzatestea da, Basque Country 2030 Agendarekin lerrokatutako ekimenekin.
Sari hauen bigarren edizioa izan da aurtengoa eta hiru kategoriatan banatu dira: Enpresa-berrikuntza jasangarria, Jasangarritasunaren erreferentea eta Energia jasangarria eta ez-kutsatzailea. Aurten Euskadiko 64 enpresa eta erakunde aurkeztu dira sarietara. Aintzatespenak atzo, martxoak 14, banatu ziren Guggenheim Museoan, Bilbon. Sari bakoitzak 5.000 euro eta oroimenezko garaikurra ditu.
SOStenibilitate Saria jaso duten Sestao Berrik sustatutako jarduketek energia-eraginkortasuneko irizpideekin birgaitutako Txabarri-El Sol eremuko 20.000 metro koadro hartzen dituzte, bost eraikinetan banatuta. Esku-hartze horiek Europako Eu-Gugle proiektuaren babesean egin dira, 1,6 milioi euroko diru-laguntza bideratuta. Proiektuaren helburua ia zero energia birgaitzeko eredu bideragarriak lortzea zen, Europa osoan komunitate eta hiri adimendunetan errepika zitezkeenak. Esperientzia Europako sei hiritan gauzatu da, horien artean Sestaon.