El Sol parkearen birmoldaketa lanak, frontoia estaltzea barne, datozen egunetan hasiko dira eta lau hilabete inguru luzatuko dira. Honako hauek izango dira esku-hartzeak: eremuaren zoladura berria El Sol eta Vicente Díez plazaren arteko pasealeku linealean, argiteria berria, berdeguneen eta hiri-altzarien berrikuntza, eta frontoia estaltzea. Hiri-espazio horiek berreskuratzeari eta berrantolatzeari esker, aisialdirako eta jolas gune hori balioan jarri ahal izango da auzotarrentzat. Gainera, funtzio anitzekoa izango da, Luiskar Delgado Sestao Berriko zuzendari kudeatzaileak azaldu duenez; izan ere, frontoiaren estalkia jartzeak azpiegitura “erabilera anitzeko espazio” bihurtuko du, eta “hainbat jarduera egin ahal izango dira”. Jarduketa horien berri emateko komunikabideen aurrean Sestao Berrik egindako aurkezpen ekitaldian, Josu Bergara Sestaoko alkateak azpimarratu zuen obra horiek oso garrantzitsuak direla udalerriko behealdea berreskuratzeko, “Udalak eta Eusko Jaurlaritzak partekatutako hiri-berroneratzeko estrategia bat” gauzatzen baita bertan. Pedro Jaureguik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordeak bere aldetik, “Txabarri-El Sol bezalako auzo ahulenak berroneratzeko gobernuaren konpromisoa” azpimarratu zuen.
Txabarri-El Sol ARIaren eremuan egingo diren esku-hartzeek ez dira mugatuko aipatutako lanetara, bigarren fase batean jarraituko baitute, azpiegitura komunitario bat hedatuz: auzoko berokuntza edo district heating. Bigarren fase honetan, biomasa-galdara berri bat eta gas naturaleko beste bat instalatuko dira, behar izanez gero erabiltzeko, Txabarri kaleko galdara-gelan. Bertatik, beroa banatzeko bi adar aterako dira: bata, Txabarri kaletik Abenduaren 25 kaleraino, eta bestea, Los Baños kalerantz. Joan den uztailetik, azpiegitura horrek ur beroz eta berokuntzaz hornitzen ditu Txabarriko 249 etxebizitza eta 20 etxabe komertzial. Obra berriek aukera emango dute zerbitzua 189 etxebizitza eta 15 merkataritza-lokaletara zabaltzeko, Los Baños, Txabarri eta Abenduaren 25ean kokatutako 18 ataritan. Hauek ez dira auzoko berokuntza sarean sartuko diren azkenak, beste hainbat ere batuko baitira: Txabarri kaleko 65, 67, 69 eta 73 zenbakiak, zaharberritu ondoren, eta Nikolas Ormaetxea eta Oquillo kalean eraikiko diren etxebizitza berriak.
El Sol parkea birmoldatzeko lanek, frontoiko estalkia jartzeak eta auzoko berogailu sarea zabaltzeak 1,2 milioi euroko aurrekontua dute.









