Sestaoko hirigintza biziberritzeko prozesuak aurrera jarraitzen du, Sestao Berri sozietate publikoak sustatutako 27 etxebizitza eraikiko direlako Txabarri kalean. Etxebizitza horietatik, 18 BOEak izango dira; eta 9, libreak. Etxebizitzak 33., 35. eta 55. atarietan egongo dira kokatuta, eta Txabarri-El Sol zaharberritzeko ZIEko 2. fasearen barruan betearaziko dira.
Eraikuntza esleitzeko orduan, Sestao Berrik zenbait klausula ezarri ditu baldintzen orrian, udalerriko langabetuen artean enplegua sustatzeko eta eskaintza ekonomikoaren %25etik gorako jaitsiera ausartegiak ezesteko, sustapena bera arriskuan jarri dezakete-eta.
33. eta 35. atarietako 18 BOEak eraikitzeko obrak kontratazio publikora atera dira 1,6 milioi euroren truke (BEZik gabe), eta, aldez aurretik, Eusko Jaurlaritzako 1,4 milioi euroko dirulaguntza jaso zuten orubeen titularitatea lortzeko. Udalak 18 BOEak erosiko ditu jabetzapean, eta alokairupean lagako dizkie udalerriko gazteei.
Aurreikuspenen arabera, obrak aurten hasiko dira egiten, eta BOEak urtebeteko epean betearaziko dira; eta Txabarri 55eko etxebizitza libreak, 18 hilabeteko epean.