AVS Kudeatzaile Publikoek, Euskal Herriko Unibertsitateak, Sestao Berrik eta Sestaoko Udalak antolatutako “Etxebizitza produktiboari begiradak” jardunaldiak Sestaora iritsiko dira gaur arratsaldean, eta hemen emango dituzte astearen gainerako egunak, txosten, hitzaldi, eztabaida eta bestelako jarduerekin, hori guztia etxebizitzari, birgaitzeari eta hiri-berroneratzeari lotuta.
Zikloaren inaugurazio ofiziala gaur goizean egin da Bilbon, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan. Bertan, lehen saiora bertaratu direnei ongietorria eman die Sestao Berriko zuzendari gerentea eta AVS Euskadiko presidentea den Luiskar Delgadok. Agurraren ondoren, zikloaren aurkezpen instituzionalean parte hartu dute Pedro Jauregi, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuordeak; Jeronimo Escalera, AVSko presidenteak; Ainhoa Basabe, Sestaoko alkateak; Beatriz Zabalondo, Bizkaiko Errektoreordetzako Kultura eta Euskara Saileko zuzendariak; Asier Benavides, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko ordezkaritzako presidenteak; eta Jose Angel Medina, Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienaleko komisarioaki.
Erakunde ofizialen agurraren ondoren, etxebizitza produktiboaren kontzeptua jorratu dute begirada ezberdinekin ondorengo hauek: Pablo García Astrain, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendaria; Iñigo García eta Ibon Salaberria, UPV/EHUko Arkitektura Eskolako irakasle eta EHUko Etxebizitza Produktiboari buruzko Ikerketaren koordinatzaileak; Elvira Lopez eta Luiskar Delgado, AVSko 3R Taldeko koordinatzaileak; eta Arantza Lauzirika eta Edurne Gonzalez, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasle eta euskal unibertsitate-sistemako AKMEKA, Arte, Media eta Kultura talde finkatuaren ikertzaileak. Eztabaida amaituta, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bilboko egoitzara bisita programatu da, bertan Juan Daniel Fullaondo arkitektoari buruzko erakusketa ikusteko.
Arratsaldean, Sestaon jarraituko du “Etxebizitza produktiboari begiradak” izeneko lehen jardunaldiak. Herri horretara itsasontziz egingo da bidaia, itsasadarrean barrena. Ezkerraldeko udalerri horretako Musika Eskolako lokaletan, birgaitze-bulegoei buruzko hausnarketa-tailer bat egingo da, Gerardo Ruiz Palomequeren txostenarekin, “Birgaitzearen kudeaketa koordinatua hurbileko interakzio-espazioen bidez”, eta “Euskarria bizi-ziklo gisa, paisaia berreskuratzea” lelopeko eztabaidarekin, Miriam Garciaren eta Joan Roigen eskutik, Ander Gortazar errelatore gisa jardunez. Bihar Sestaon jarraituko dute jardunaldiek, goizeko bederatzietan hasita.