Sestaoko Udalak eta Sestao Berri sozietate publikoak antolatutako Gabonetako programa hau Txabarri SestaOn Bizi proiektuaren garapenaren esparruan kokatzen da. Proiektu hori 2019an onartu zen, auzoko bizikidetza, gizarte-kohesioa eta egoera ekonomikoa hobetzeko helburuarekin.
Ekimenak hamabost jarduera izango ditu, guztiak doakoak, eta Hiru Kontzejuak Plazan egingo dira, abenduaren 18tik urtarrilaren 6ra bitartean. Besteak beste, Gabonetako azoka, balkoiak eta leihoak edertzeko lehiaketa, curling-pista, breakdance emanaldiak, txotxongiloak, komikoak, antzerkia, euskal dantzak eta zinema aire zabalean izango dira ikusgai. Esteka honetan, ekitaldien eguneroko programa.