Sestaok, Portugaletek eta Santurtzik bertako biztanleak animatu dituzte klima-aldaketari aurre egiteko ideiak eman ditzaten, Europako Climathon ekimenaren esparruan. Ekimena joan den astean hasi zen, zehazki, azaroaren 13an, Europan Global Climathon Day ospatu zenean. Orduan, Europako hiriei dei egin zitzaien, tokiko mailan jardun zezaten klima-aldaketaren erronka globalen aurrean. Climathon-ek gai hauen inguruan hausnartzea eta jardutea proposatzen die herritarrei, gai berezirik zehaztu gabe. Udalerri bakoitzari dagokio gaia zehaztea, gehien kezkatzen duen edo hurbilen ikusten duen klima-erronkaren arabera. Ezkerraldeko udalerrien kasuan, Climathon SPS (Sestao, Portugalete, Santurtzi) ekimenak hausnarketa eta ideia berritzaileak sortzeko prozesua 2030. urtea baino lehen CO2 isuriak erdira murrizteko helburuan oinarritzea proposatu du.
Climathon SPS hiru saiotan, online, egingo da datozen asteetan. Parte-hartzaileek aipatutako erronkari buruz lan egingo dute, Ezkerraldean praktikan jar daitezkeen ideia berritzaileak garatzeko helburuarekin. Prozesu horretatik ondorioztatzen diren ideiak abenduaren 18an aurkeztuko dira jendaurrean, eta Sestaoko, Portugaleteko eta Santurtziko udalek ideia nagusia ezartzeko aukera baloratuko dute eta abian jartzen lagunduko dute. Deialdia ikasleei, ekintzaileei, profesionalei eta herriko elkarteei zuzenduta dago. Parte hartu nahi dutenek azaroaren 25a baino lehen eman behar dute izena: https://climathonsps.com webgunean.