Joan den ekainaren 29an jardunaldi bat egin zen Asturiasko hiriburuan etxebizitza publikoen sustapenaren eta kudeaketaren egungo testuinguruari buruz. Next Generation funtsen bidez etxebizitza sozialak eta eskuragarriak sustatzea eta birgaitzea jorratu zen, AVS etxebizitzaren eta lurzoruaren kudeatzaile publikoen Espainiako elkarteak antolatutako topaketan. Sestao Berri gonbidatu zuten etxebizitza sozialak sustatzeko eta birgaitzeko esku artean dituen proiektuak bertan azaltzeko. Sestao Berriko gestore Luis Carlos Delgadorekin batera, AVS Valentziako Erkidegoko presidente Antonio Martinezek eta Malagako Etxebizitzako Udal Institutuko gerente José María Cerezok hartu zuten parte bilkuran. Melania Alvarez Asturiasko Printzerriko Eskubide Sozial eta Ongizateko kontseilariak, Ignacio Cuesta Oviedoko alkateordeak eta Javier Martin Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko Etxebizitzako zuzendari nagusiak inauguratu zuten jardunaldia.
Sestaok hiri-garapen iraunkor integratuaren arloan dituen erronkak eta Sestao Berrik eremu horretan emandako erantzunak azaldu zituen Luis Carlos Delgadok. Hala, plangintza estrategiko eta operatiboa aipatu zuen, honako zutabe hauetan oinarrituta: Espainiako Hiri Agendaren proiektu pilotua; Sestao 2030 Hiri Agenda; alokairu sozial eta eskuragarriaren eta hiri-berroneratze integratuaren tokiko Estrategia; 2021-2023 Etxebizitzaren Plan Zuzentzailearekin eta Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialarekin bat etortzea; kudeatzaile publikoen elkartean laguntasuna; Zientzia eta teknologiaren aldeko Innpulso hirien sarean sarrera; Horizon 2020 Txabarri +CityxChange berrikuntzaren proiektu europarra.
Sestao Berriko gerenteak sozietatean kudeaketa eta garapen eredua ere azaldu zuen, hurbileko bulego lana; erakunde izapidetzaile gisa lortutako aitorpena; alokairu eskuragarrirako proiektuak; zeharkako proiektu estrategikoak (Energia Eraginkortasunaren Europako Funtsarekin hitzarmena); auzoen garapen komunitarioa; tokiko energia-komunitateen sorrera; merkataritza eta turismoaren dinamizazioa; eta hiri-berroneratzean ekonomia zirkularra sortzeko proiektuen bultzada. Delgadok azpimarratu zuenez, “lan horri ebaluazio zorrotza eta ekonomikoki justifikatua egiten zaio, eta etxebizitzaren arloko politika publikoen arrakasta eta hiri birgaitzearen eta berroneratzearen arloan gauzatutako jardunbide egokiak baloratzeko aukera ematen du”.