Sestao Berrik hitzarmen bat sinatu du Eusko Jaurlaritzako Lurralde, Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin, alde batetik, Birgaitze Bulegoaren funtzioak bere gain hartzeko eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Laguntzaile bihurtzeko. Azken horrek, praktikan, birgaitze-laguntzekin lotutako espedienteak osorik izapidetzea dakar. Baimenari esker, Next Generation susperraldi ekonomikorako Europako funtsak ahalik eta gehien aprobetxatuko dira, eta Sestao Berrik zuzenean izapidetu ahal izango ditu Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko bizitegi-birgaikuntzarako laguntza-programak (urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretua).
Europako berreskurapen-funtsen helburua covid-19aren pandemiaren ondoren munduko ekonomiak berreraikitzeko prozesuan laguntzea da. Aurreikusitako jarduera-ardatzen artean, eraikuntza parkea birgaitzeko eta hobetzeko jarduketak bultzatzea dago, energiaren eta jasangarritasunaren esparruan eragin nabarmena izanik.
Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako akordioaren arabera, Sestao Berrik bere gain hartzen ditu informazio eta aholkularitza funtzioak, Birgaitze Bulego gisa, eta agente eta egoitza bihurtzen da eraikinen eta etxebizitzen bizitegi-birgaikuntzarekin lotutako laguntzen izapidetze integralerako. Laburbilduz, “leihatila bakarra”, laguntza-eskaerak bideratzeko eta osorik izapidetzeko jabekideen erkidegoen, partikularren, enpresen eta, oro har, errehabilitazio-agenteen zerbitzura.