Guztira 88 erakundek, horien artean Sestao Berri, “2022-2036 Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala” sinatu dute gaur Bilbon. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak sustatutako dokumentua Sestao Berriko zuzendari kudeatzaile Luis Carlos Delgadok sinatu du, erakunde horren izenean. Itun Sozialaren helburua da, besteak beste, alokairu eskuragarriaren eskaintza publikoa handitzea, babestutako etxebizitza iraunkorren kopurua areagotzea eta higiezinen parkearen heren bat birgaitzea 2036. urterako.
“2022-2036 Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala” aitzindaria izan zen 2010ean aurkeztutakoaren eguneratzea da. Sestao Berrirekin batera, erakunde sozialek, etxebizitza-kooperatibek, sindikatuek, enpresa pribatuek, elkargo profesionalek, unibertsitateek, zentro teknologikoek eta klusterrek sinatu dute akordioa, besteak beste.
Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialak lau helburu kuantitatibo ezartzen ditu 2036ra arte, eta lehentasunezko sei jarduera-ildo bideratzeko. Lortu nahi diren helburuen artean 50.000 etxebizitzaz osatutako parke publiko bat osatzea dago; hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza nagusien %5 alokairu eskuragarriko eskaintza publikora bideratzea 2036an.
Era berean, babes publiko iraunkorreko etxebizitzen parkea etxebizitza nagusien %12ra iristea eta hamabost urteko epean eraikinen birgaitzea bikoiztea lortu nahi dira. Gaur egun, urteko errehabilitazio erritmoa %1,5ekoa da. Birgaitzeen %3 lortzeak guztira 350.000 etxebizitza eraberritzea ekarriko luke, planaren aurreikuspena amaitzen denean, 2036. urtean. Kopuru horrek, gutxi gorabehera, eraikitako hiru etxebizitzatik bat birgaitzea ekarriko luke.