Maiatzaren erdialdean, Sestaoko Carranza kaleko 1., 2., 3. eta 4. atariak eraisten hasi ziren, infraetxebizitzak desagerrarazteko eta Ezkerraldeko udalerri honetako alde zaharra biziberritzen jarraitzeko. Eraisten ari diren lau atarietan, 32 etxebizitza zeuden, eta bertako egoiliarrak aldez aurretik birkokatu zituzten Abenduak 25 kaleko etxebizitza sozialetan.
Carranza kalea eraitsi ondoren geratuko den orubean, Sol parkearen osagaia izango den atsedenlekua atonduko da. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak egingo du eraispena, eta horretarako aurrekontua 90.000 eurokoa izango da. Aurreikuspenen arabera, obrak uztailaren amaieran bukatuko dira.
2006. urteaz geroztik, guztira 37 etxebizitza eraitsi dira Sestaoko beheko aldean, hiria bera biziberritu ahal izateko.