Udala

05Ots 2023

Eusko Jaurlaritzak lizitaziora atera du Txabarrin egingo den Martxoaren 8 Plaza eraikitzeko proiektua, 3,7 milioi euroko gehieneko zenbatekoarekin. Interesa duten enpresek proposamenak aurkezteko epea joan den asteartean, urtarrilaren 31n, amaitu zen.

Plazaren eraikuntzari esker, erabilera publikoa emango zaio 3.500 metro koadroko azalerari, Txabarri, Nikolas Ormaetxea eta Galana kaleetako etxebizitza-etxadi baten barruan kokatutakoari. Auzotarren topagunerako eta aisialdirako eremu berri bat sortzeaz gain, jarduketak tokiaren irisgarritasuna hobetuko du, 19 metroko desnibel handia ekidituz. Horretarako, bi igogailu jarriko dira, plazaren behealdea goikoarekin komunikatuko dutenak.

Plaza berriak harmailadun espazio soziokulturala izango du eta baita eskaladako boulder bat (15 metroko luzera eta 2,5 metroko altuera), aire zabalean kirola egiteko ere. Hiri-altzariez gain (bankuak, paperontziak, jardinerak, barandak eta iturri bat), argiztapen publikorako egitura jarriko da (222 argirekin), argitu gabeko eremuak saihesteko. Halaber, Gogoan Sestao Elkarteak egindako proposamenari jarraituz, mendi-hegalean dagoen zulo bat berreskuratuko da, gerra zibilean babesleku gisa erabili zena, etorkizunean Memoriaren Ibilbide batean integratzeko.

Plaza berriaren itxura ere aldatuko du, zazpi etxebizitza sozialeko eraikin berri baten eraikuntzak Txabarri kaleko 67. zenbakiko orubean, eta horren lizitazioa ere lehiaketara atera da. Txabarri kaletik eta La Galanatik beste sarbide bat izateaz gain, Martxoak 8 Plazak beste bi sarrera berri izango ditu, Abenduak 25 eta Nikolas Ormaetxea kaleetatik.

05Abe 2022

Txabarri inguruan garapen komunitarioa, kohesio soziala eta bizikidetza bultzatzea helburu duen “Txabarri SestaON bizi” izeneko programa Valentzian aurkeztuko da, hiri-berroneratzearen arloko jardunbide egokiaren adibide gisa. Erakusketa AVSk eta AVS Comunitat Valencianak antolatu dute, Valentziako Generalitateko Bigarren Presidenteordetza eta Etxebizitza eta Arkitektura Bioklimatikoaren Kontseilaritzaren eta Valentziako Eraikuntza Institutuaren laguntzarekin. Hitzordua abenduaren 14an eta 15ean izango da Valentziako hiriburuko MuVIM museoan.

Bi saiotan banatutako jardunaldiak hiru gairi helduko die: Plangintza, kudeaketa, fiskalitatea eta finantzaketa; Hiri-birgaitze eta berroneratze kasu errealen esperientziak; eta Berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia. “Txabarri SestaON bizi” programaren erakusketa abenduaren 15ean, osteguna, izango da, Sestao Berriko zuzendari kudeatzaile Luis Carlos Delgadoren eskutik. Sestaoko esperientziarekin batera, beste bi jarduera aurkeztuko dira, horietako bat Valentziako Ontynent herrian urpetutako auzo baten landa berroneratzearekin lotutakoa, eta bestea, Saguntoko auzo batean eginiko esku-hartze integral jasangarria.

Jardunaldia interes handia pizten ari da sektorearekin lotutako eragileen artean, eta orain arte hirurehun pertsonak baino gehiagok eman dute izena aurrez aurreko eta online saioetan parte hartzeko.

11maiatza 2022

Sestaoko Udalak kudeaketa-gomendioa egin dio Sestao Berri sozietateari Tokiko Hiri Agenda idazteko. Hau da, 2030era arte udalerriaren garapen iraunkorra sustatzeko ekintzak antolatuko dituen dokumentu estrategikoa, Espainiako Hiri Agendak 2030erako proposatzen dituen helburu eta jarduera-ildoekin bat etorriz. Tokiko Hiri Agendaren helburua Sestaoko ekonomiaren, ingurumenaren eta gizartearen jasangarritasuna bultzatzea da, besteak beste, hiri-berroneratze, klima-aldaketaren aurkako borroka, gizarte-kohesioa, aukera-berdintasuna, ondarearen balioa, trantsizio digitala, mugikortasuna eta turismo jasangarria sustatuz, besteak beste.

Sestao Berrik Tokiko Hiri Agendaren behin betiko ekintza-plana egingo du, eta, horretarako, Barakaldoko Tech Friendly ingeniaritzaren laguntza izango du. Plana herritarren partaidetzarako ekimen batekin hasiko da. Hedapen-ekintzak ere bultzatuko dira; besteak beste, informazio-webgune bat abian jarriko da eta Sestaoko Hiri Behatokia sortuko da, Agenda jarraitu eta ebaluatzeko.

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak hautatutako 111 udalerrietako bat da Sestao, Hiri Agendaren Tokiko Ekintza Planaren proiektu pilotua egiteko. Horretarako, 150.000 euroko diru-laguntza bideratu dio Next Generation funts europarretatik.

05maiatza 2022

Sestao Berrik hitzarmen bat sinatu du Eusko Jaurlaritzako Lurralde, Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin, alde batetik, Birgaitze Bulegoaren funtzioak bere gain hartzeko eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Laguntzaile bihurtzeko. Azken horrek, praktikan, birgaitze-laguntzekin lotutako espedienteak osorik izapidetzea dakar. Baimenari esker, Next Generation susperraldi ekonomikorako Europako funtsak ahalik eta gehien aprobetxatuko dira, eta Sestao Berrik zuzenean izapidetu ahal izango ditu Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko bizitegi-birgaikuntzarako laguntza-programak (urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretua).

Europako berreskurapen-funtsen helburua covid-19aren pandemiaren ondoren munduko ekonomiak berreraikitzeko prozesuan laguntzea da. Aurreikusitako jarduera-ardatzen artean, eraikuntza parkea birgaitzeko eta hobetzeko jarduketak bultzatzea dago, energiaren eta jasangarritasunaren esparruan eragin nabarmena izanik.

Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako akordioaren arabera, Sestao Berrik bere gain hartzen ditu informazio eta aholkularitza funtzioak, Birgaitze Bulego gisa, eta agente eta egoitza bihurtzen da eraikinen eta etxebizitzen bizitegi-birgaikuntzarekin lotutako laguntzen izapidetze integralerako. Laburbilduz, “leihatila bakarra”, laguntza-eskaerak bideratzeko eta osorik izapidetzeko jabekideen erkidegoen, partikularren, enpresen eta, oro har, errehabilitazio-agenteen zerbitzura.

15Mar 2022

Energia-eraginkortasuneko irizpide handiekin egindako 231 etxebizitzaren birgaitzea eta 450 etxebizitzatarako biomasatik datorren energia berriztagarriz elikatutako auzoko-berokuntza sistemaren instalazioa goraipatu ditu SOStenibilitate Sarien epaimahaiak Sestao Berri hautatzekoan. Sariok El Correo egunkariak eta BBVAk ematen dituzte eta Sestao Berriri “Energia jasangarriaren eta ez kutsatzailearen” kategoriakoa eman diote. Mugikortasun jasangarria, ibilgailuen eta erregaiaren erabileraren murrizketa, eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarriak sustatzen dituzten ekimenak aintzatesten ditu sariak.
SOStenibilitate Sarien helburua berrikuntza sustatzea eta garapen jasangarriaren balioak partekatzen dituzten enpresa, profesional eta erakundeak aintzatestea da, Basque Country 2030 Agendarekin lerrokatutako ekimenekin.
Sari hauen bigarren edizioa izan da aurtengoa eta hiru kategoriatan banatu dira: Enpresa-berrikuntza jasangarria, Jasangarritasunaren erreferentea eta Energia jasangarria eta ez-kutsatzailea. Aurten Euskadiko 64 enpresa eta erakunde aurkeztu dira sarietara. Aintzatespenak atzo, martxoak 14, banatu ziren Guggenheim Museoan, Bilbon. Sari bakoitzak 5.000 euro eta oroimenezko garaikurra ditu.
SOStenibilitate Saria jaso duten Sestao Berrik sustatutako jarduketek energia-eraginkortasuneko irizpideekin birgaitutako Txabarri-El Sol eremuko 20.000 metro koadro hartzen dituzte, bost eraikinetan banatuta. Esku-hartze horiek Europako Eu-Gugle proiektuaren babesean egin dira, 1,6 milioi euroko diru-laguntza bideratuta. Proiektuaren helburua ia zero energia birgaitzeko eredu bideragarriak lortzea zen, Europa osoan komunitate eta hiri adimendunetan errepika zitezkeenak. Esperientzia Europako sei hiritan gauzatu da, horien artean Sestaon.

19Aza 2021

AVS Kudeatzaile Publikoek, Euskal Herriko Unibertsitateak, Sestao Berrik eta Sestaoko Udalak antolatutako “Etxebizitza produktiboari begiradak” zikloa gaur amaituko da online saio batekin, aste honetan Bilbon eta Sestaon egindako jardunaldi presentzialen ondoren. Gaur jardunaldion ondorioak aurkeztuko dituzte Ibon Salaberriak, Iñigo Garciak, eta Ander Gortazar, Eze Collantes eta Ula Ururetagoiena errelatoreek, guztiak UPV/EHUko Arkitektura Eskolakoak; Edurne Gonzálezek,UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultatekoa; eta Elvira Lopezek eta Luiskar Delgadok, AVSko 3R Taldeko koordinatzaileak.
Jardunaldien itxiera-saioak azken hitzaldi bat izango du, honako hau, hain zuzen ere: “New Bauhaus: erabilgarria ederra egin”, Lluís Comerón CSCAE Espainiako Arkitektoen Elkargoen Kontseilu Goreneko presidenteak,aurkeztuta, itxiera instituzionala egin aurretik. Azken hau, ondorengoen adura izango da: Juanjo Arrizabalaga UPV/EHUko Arkitektura Eskolako dekanoa; Arantza Lauzirikak, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoa, eta Enrique Bueso, AVS Espainiako Etxebizitza eta Lurzoru Kudeatzaile Publikoen Elkarteko gerentea.

18Aza 2021

Lanbidek Sestaon duen ekitaldi-aretoan hasi da gaur goizean “Etxebizitza produktiboari begiradak” zikloko lehen hitzaldia. Javier Puertasek, AVPIOP, Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteko presidenteak, “Langileen etxebizitza proiektua” izeneko txostena aurkeztu du. Jarraian,Tipi Tailerreko lan prozesuaren aurkezpena programatu da, bigarren txostenaren aurretik. Hau, “Klanean bizitzea” izenburupean, Igor Rezolak, UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultateko irakasleak aurkeztuko du.
Arratsalde partez, artista, ikertzailea eta Muturbeltz proiektuaren sortzailea den Laurita Silesek “Baserria sormen-esperientziatik birpentsatzearen” inguruan dituen gogoetak partekatuko ditu, eta Yolanda Jubeto, EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakasleak, “Bere zereginetatik langileen borrokara: bizitzaren iraunkortasuna erdian” izeneko txostena aurkeztuko du. Arratsaldean, halaber, aire zabaleko herri-zinemari buruzko saio bat egingo da Sestaoko Hiru Kontzejuen Plazan, Itxaso Díaz eta Camilo Torres Zorrillak aurkeztutako Lan Ikus-entzunezko Zinemaldiko filmen sorta batekin. Azkenik, etxeko lanari, etxeko espazioei eta hierarkia espazialei buruzko eztabaida izango da, Bonell Doriga, Bet Capdeferro eta Husos Plataformaren esku-hartzearekin, Ula Iruretagoiena errelatore delarik.

17Aza 2021

Sestaoko alkateak, Ainhoa Basabek, Alfonso Gomezek, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko Bizkaiko ordezkariak, Enrique Buesok, AVSko gerenteak eta Luiskar Delgadok, Sestao Berriko zuzendari gerenteak eta AVS Euskadiko presidenteak hasiera eman diote jardunaldien bigarren egunari. Gaurko jardunaldiaren leloa honakoa da: ” Eraikitakoan esku hartzea” eta hasteko, hiru hitzaldi emango dira.Lehena Miguel Baiget Llompart Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko Lurzoru, Informazio eta Ebaluazioko zuzendariorde nagusiak emango du, eta Europako funtsek birgaitzearen testuinguruan duten egokitasunaz arituko da. Aurkezpen horren ondoren, Tecnalia Research & Innovationeko Patricia Molinak, Urban Planner PhD Lead Researcherk, hiri-birgaitze eta berroneratze integratuko planak eta Hiri Agenda egiteko gida garatuko du. Goizeko hirugarren hitzaldian, Juan Rubiok, Ciudad 3R Behatokiko zuzendariak, birgaitze-politiken jarraipenaz eta ebaluazioaz hitz egingo du.
Aipatutako txostenen aurkezpenaren ondoren, ECODES Ekologia eta Garapena Fundazioko energia eta pertsonak ataleko teknikari den Javier Tobiasek “Inor atzean utzi gabe birgaitzearen aldeko Aliantza” aurkeztuko du.
Birgaitzearen finantzaketa-tresnak mahai-inguru batean jorratuko dira. Mahai-inguru horretan, Alex Saz-Carranzak Europako Inbertsio Bankuaren (EIB) finantzaketa-programak banakatuko ditu; Mario Yoldik, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak, gauza bera egingo du birgaitzearen finantzaketa publikorako tresnekin; eta, bertan, Jon Ansoleaga, Eraikune eraikuntzako clusterreko zuzendaria, eta Alvaro Martinez, EOS Energy-ko CEO, hurrenez hurren, izango dira.
Bazkaltzeko etenaldiaren aurretik, Luiskar Delgadok eta Elvira Lópezek AVSko 3R Taldearen jarduerak aurkeztuko dituzte. Arratsaldean, Pilar Diazek eta Ángela Peraltak hirian parte hartzeko eta komunikatzeko guneak sortzeko tresnez hitz egingo dute, udalekin, herritarrekin eta beste eragile batzuekin komunikazioa lantzeko. Azkenik, Izaskun Chinchilla, Carlos Gor eta Lys Villalbak, Eze Collantes errelatore dutela, jardunaldiari amaiera emango diote “Auzoak eraberritu. Etxe bat baino zerbait gehiago” gaiarekin.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies