Gertaera

18Mar 2021

Datorren larunbatean, martxoak 20, Sestaoko Udalak, Sestao Berrik, 3K Kultur Elkarteak, Txabarri Ostalaritza Elkarteak eta Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak bultzatutako “Labe Garaia Eguna” ekimenaren lehen edizioa egingo da Txabarrin.
Helburua bikoitza da: batetik, Sestaoko ondare historikoa aldarrikatzea, eta, bestetik, inguruko ostalaritza eta merkataritza sustatzea.

Egun horretarako programatutako lehen jarduera goizeko 11etan hasiko da, eta labe garaiaren bisita gidatua izango da. Eguerditik aurrera, arratsaldeko hirurak arte, “Pintxo-potea” egingo da, Txabarriko Ostalaritza Elkarte berria osatzen duten establezimenduen laguntzarekin. Jardunaldia amaitzeko, arratsaldeko 3etan, saski batzuen zozketa egingo da Hiru Kontzejuen Plazan.

“Labe Garaia Eguna” Txabarri SestaON Bizi programaren babesarekin antolatu da. Programa hori Udalak jarri du martxan, Txabarriko hiri-berroneratze prozesuarekin batera lan soziokomunitarioko jarduera paraleloen bultzadarekin laguntzeko. Labe Garaiko bisita gidatuan parte hartu nahi dutenek lekua erreserbatu dezakete Sestao Berriko bulegoetan, 944064460 telefonoan edo Info@sestaoberri.eus helbide elektronikoan.

14Mar 2021

Sestaoko behealdean Sestao Berrik sustatutako District Heating, Auzo-berokuntzaren azpiegitura egin duen Tecman enpresak, instalazioak diseinatu eta dimentsionatzeko ingeniaritzak, bideoa zabaldu du lan honen inguruan. Bideoak sistemaren funtzionamendua azaltzen du eta Vicente Diez Plazako zorupean dagoen galdara aretoaren irudiak erakusten ditu. Bertatik, berogailua eta ur bero sanitarioa banatzen dira auzoko laurehun etxebizitzatara.

Sestao Berrik ekimen hau bultzatu du EU-GUGLE birgaitze energetikorako proiektu europarraren babespean. Proiektua beste auzo eta udalerritan errepikatu daiteke.

Bideoa ikusgai, hemen.

07Mar 2021

Sestao Berriren sorreraren hamabosgarren urteurrena dela eta, erakundeak led pantaila erraldoia jarri du Hiru Kontzejuen Plazan. Plasmak 14 metro karratuko azalera du, zazpi metro zabal eta bi metro altu.

Duela hamabost urte Sestao Berrik hasitako auzoaren hiri eta gizarte-berroneratzeko jardueren artean kokatzen da ekimena. Zehatzago esanda, udalerriko eremu horretan eten digitala hausteko konpromiso teknologikoari eusten dio. Pantaila erraldoia mota guztietako jarduera kultural eta ludikoen osagarri izango da, eta erreferente informatibo bihurtuko da, auzoarentzako albiste interesgarri eta gaurkotuak argitaratuta.

Gaur egun, Angel Aja artistaren “Sestao: iragana, oraina eta etorkizuna” margolan erakusketaren koadroak ikus daitezke pantailan. Erakusketa bisitatzeko modu bat da. Fisikoki Sestao Berriko bulegoetan dago erakusketa, baina covid-19arn pandemiak egotzi ditu oraingoz bisita presentzialak, Pantailaren inaugurazio-ergunean Hiru Kontzejuen Plazara hurbildu ziren komunikabideak albistea emateko. Besteak beste, Tele 7 kateak informazio tarte bat eskaini zion ekitaldiari.

Hemen ikus daiteke: https://tele7.tv/txabarri-estrena-pantalla-gigante/

21Abe 2020

AVS Euskadi, Etxebizitza eta Lurzoru Kudeatzaile Publikoen Elkarteko Euskal Atalak batzarra egin zuen urriaren amaieran, eta Zuzendaritza Batzordea berritu zuen. Batzarrak Luis Carlos Delgado, Sestao Berriko zuzendari kudeatzailea, izendatu zuen presidente. Delgado elkarteko presidenteordea zen ordura arte.

Aipatutako euskal elkarteak argitaratutako elkarrizketa batean, Delgadok azaldu du koronabirusak eragindako osasun-larrialdiak agerian utzi duela etxebizitza-kudeatzaile publikoek eta eremu horretako sozietate publikoek -Sestao Berri-ren pareko elkarteek- funtsezko zerbitzu-eginkizuna izan dutela ezohiko egoera horri aurre egiteko, errentak eta komunitate-gastuak ordaintzeko laguntza eskaera ugariak bideratuta. Elkarrizketan, halaber, birgaitzean energia-eraginkortasunak duen garrantziaz, erabiltzaileak energiaren aurrean ahalduntzeaz eta etxebizitzaren arloko trantsizio digitalaz hitz egin du. Hemen, elkarrizketa.

18Abe 2020

Sestao Berri sortu zeneko hamabosgarren urteurrena dela eta, elkarte publiko honek pintura erakusketa bat antolatu du, Angel Aja artistaren lanekin. Herriko irudi ugari islatu ditu Ajak bere pintzelekin, bereziki alderdi industrialarekin lotutakoak. Sestaok urteetan zehar izandako aldaketaren testigantza eskaintzen du erakusketak, iraganaren oroitzapenarekin eta orainaren eta etorkizunaren islarekin, zeinaren hobekuntza-proiektuak gaur egun garatzen ari baitira.

“Angel Aja eta Sestao Berri” erakusketak herri bizi, erresistente eta harro bati buruz hitz egiten du, erakusketaren katalogoan azaltzen den bezala. Txikitatik Sestaorekin lotuta, Aja autodidakta da eta La Balco-ri (Babcock & Wilcox) lotutako artista talde bateko kidea izan da. Ajaren margo-lanak herriko oroimen historikoa dira, kolore indartsuko paleta kementsu batekin islatuta.

Osasun-larrialdiko egoera dela-eta, oraingoz erakusketa ezin izango da jendearentzat ireki, baina laster pantaila erraldoi baten bidez ikusi ahal izango dira Ajaren lanak. Bien bitartean, erakusketaren katalogo honek artistaren margoak eta erakusketaren helburua biltzen ditu.

17Abe 2020

Iazko arrakastaren ondoren, aurten ‘Txabarri GabONn Bizi’ Balkoiak eta Leihoak edertzeko Lehiaketaren bigarren edizioa izango da. Sestaoko Udalak, Sestao Berri elkarte publikoarekin elkarlanean antolatutako lehiaketa honen helburua auzoaren ingurumen eta estetika kalitatea hobetzea da, balkoiak eta leihoak apainduz. Balkoien eta leihoen dekorazioa kaletik ikusi behar da, eta apaingarrien gaia Gabonekin lotuta egon behar da.

Lehiaketak 600, 400 eta 200 euroko hiru sari banatuko dizkie lehen hiru sailkatuei. Epaimahaiak diseinua, originaltasuna, argiztapena eta energia-eraginkortasuna baloratuko ditu, baita material birziklatuen erabilera eta inpaktu bisual globala ere. Izena emateko eskaera Sestao Berriren bulegoetan entregatu behar da (sarrera, Txabarri 16, behea) edo agconvivencia@gmail.com helbide elektronikora bidali behar da; bertan, lehiaketarekin zerikusia duen edozein kontsulta egin daiteke.

Lehiaketa honetan parte har dezaketen balkoiak eta leihoak honako hauei dagozkie: Txabarri (9. eta 89. zenbakien artean, bakoitiak eta bikoitiak), Isaac Albeniz, El Sol, Los Baños (45.etik 63. zenbakira eta 18.etik 28. zenbakira), Hiru Kontzejuen plaza, Autonomia (18.etik 24. zenbakira, 19. eta 21. zenbakiak), Urbano Ruiz Laorden, Iberia, La Bariega, Abenduak 25, Juan Crisostomo Arriaga (1., 4., 6., 8., 15. eta 17. zenbakiak), La Galana, Nicolás Ormaechea, Diego Mazquiarán, Oquillo, Alfredo Marín, Miguel Servet, Pablo Sorozabal (1., 2. eta 10. zenbakiak), Zumalakarregi (26.etik 32. zenbakira), Marqués de la Fidelidad eta Jose María Usandizaga. Informazio gehago, hemen.

 

Izena emateko orria (881KB)

Kartela (221KB)

16Abe 2020

Sestaoko Udalak eta Sestao Berri sozietate publikoak antolatutako Gabonetako programa hau Txabarri SestaOn Bizi proiektuaren garapenaren esparruan kokatzen da. Proiektu hori 2019an onartu zen, auzoko bizikidetza, gizarte-kohesioa eta egoera ekonomikoa hobetzeko helburuarekin.

Ekimenak hamabost jarduera izango ditu, guztiak doakoak, eta Hiru Kontzejuak Plazan egingo dira, abenduaren 18tik urtarrilaren 6ra bitartean. Besteak beste, Gabonetako azoka, balkoiak eta leihoak edertzeko lehiaketa, curling-pista, breakdance emanaldiak, txotxongiloak, komikoak, antzerkia, euskal dantzak eta zinema aire zabalean izango dira ikusgai. Esteka honetan, ekitaldien eguneroko programa.

09Abe 2020

AVS, Espainiako Etxebizitza eta Lurzoru Sustatzaile Publikoen erakundeko Euskal Atala den AVS Euskadi elkarteak, urriaren amaieran egindako batzarrean, aho batez, Luiskar Delgado, Sestao Berriko zuzendari gerentea izendatu zuen erakunde horretako presidente berri. Delgadok presidenteorde kargua zuen orain arte. Aurrerantzean Rafael Farias, Donostiako Etxebizitzako Enpresa Erakunde Publikoko gerenteak beteko du presidenteordetza. Bidebi Basauriko zuzendari gerentea, Pedro Rodríguez Toyos, elkarteko idazkari izendatu zuten. Izendapenokin batera, Euskal Atalaren ordezkaritza AVSren Batzorde Exekutiboan eta Batzorde Iraunkorrean berritu zituzten. Azken ordezkaritza Sestao Berriko zuzendari kudeatzaileak hartuko du bere gain.

Pandemiaren ondorioz telematikoki egindako bileran, aho batez onartu ziren ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen likidazioa eta 2020ko aurrekontu-gauzatzea, eta, besteak beste, presidente berriak elementu komunen horniduraren kontratazioa optimizatzeko E-lagun proiektuaren kudeaketari buruzko informazioa eman zuen.

2006ko otsailean eratu zen AVS Euskadi eta elkarte hauek ditu kide: VISESA, Alokabide, 21 Zabalgunea, Surbisa, Donostiako Etxegintza, Irunvi, Sestao Berri, Bidebi, Udal Etxebizitzak eta Promosa.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies