Udala

31Mar 2021

Joan den martxoaren 22an, Sestaoko Kueto ikastetxe publikoko Lehen Hezkuntzako seigarren mailako hogei bat ikaslek Sestaoko behealdean kokatuta dagoen District Heating, auzo-berokuntzarako azpiegitura bisitatu zuten. EU-GUGLE birgaitze energetikorako Europako proiektuaren babespean egin da Sesta Berrik bultzatutako instalazioa. Azpiegitura komunitario honek berokuntza eta ur bero sanitarioa banatzen ditu auzoko laurehun etxebizitzatara

Lehen Hezkuntzako ikasturte horretako bi klasetako ikasleek azpiegitura horri buruzko hasierako azalpen bat jaso zuten instalazioen kanpoaldean, Vicente Díez plazako beheko aldean, auzoko berogailuaren galdara-gela dagoen lekuan. Aurkezpenaren ondoren, ikasleak txandaka sartu ziren barrura, eta Tecman, District Heating garatzeaz arduratzen den diseinuko ingeniaritzako adituek instalazioaren funtzionamendua zehatz-mehatz azaldu zieten ikasleei. Ikasleok gertutik ikusi eta ulertu ahal izan zituzten biomasa eta gas-galdarak, biomasa-siloa, deskarga-eremua, kudeaketa-sistema informatikoa eta auzoko berokuntza osatzen duten gainerako elementuak. Ikasleek interes handia agertu zuten bisitan, eta hori hainbat galderatan islatu zen. Tecman enpresak bideo bat egin du azpiegitura horren funtzionamendua azaltzeko.

24Mar 2021

Joan den larunbatean, martxoaren 21ean, Sestaoko ondare historikoari balioa emateko eta inguruko ostalaritza eta merkataritza sustatzeko “Labe Garaia Eguna” ekimenaren lehen edizioa egin zen Txabarrin. Sestaoko Udalak, Sestao Berrik, 3K Kultur Elkarteak, Txabarri Ostalaritza Elkarteak eta Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak antolatu zuten jardunaldia. Ekimena Txabarri Sestaon Bizi udal-programaren barruan dago, auzoko hiri-berroneratze eta berroneratze soziokomunitarioko prozesuan laguntzeko.

Labe Garaia Egunaren lehen edizioak harrera ona izan zuen, bereziki, labe garaiaren bisita gidatuak. Dozenaka lagunek eman zuten izena ekimenean parte hartzeko, eta Sestao Berriko bulegoetan plaza eskatu zuten, baita telefonoz edo telematikoki ere. Eskari ugaria ikusita, hiru bisita-txanda antolatu behar izan ziren, hasieran aurreikusitako txanda bakarraren ordez.

Altos Hornos de Vizcaya 1920an sortu eta 1996an itxi zen, urte luzeetako jarduera biziaren ondoren. Labe Garaia da garai hartako lekukotasun gisa geratzen den bakarra. Industria-monumentua da eta bisita gidatuak nola funtzionatzen zuen azaltzen du. Labe Garaiaren kontserbazioaren eta babesaren garrantzia azpimarratzen da bisitaldian, Industria Ondarearen eta Obra Publikoaren Euskal Elkarteak bultzatzen duen bezala.

18Mar 2021

Datorren larunbatean, martxoak 20, Sestaoko Udalak, Sestao Berrik, 3K Kultur Elkarteak, Txabarri Ostalaritza Elkarteak eta Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak bultzatutako “Labe Garaia Eguna” ekimenaren lehen edizioa egingo da Txabarrin.
Helburua bikoitza da: batetik, Sestaoko ondare historikoa aldarrikatzea, eta, bestetik, inguruko ostalaritza eta merkataritza sustatzea.

Egun horretarako programatutako lehen jarduera goizeko 11etan hasiko da, eta labe garaiaren bisita gidatua izango da. Eguerditik aurrera, arratsaldeko hirurak arte, “Pintxo-potea” egingo da, Txabarriko Ostalaritza Elkarte berria osatzen duten establezimenduen laguntzarekin. Jardunaldia amaitzeko, arratsaldeko 3etan, saski batzuen zozketa egingo da Hiru Kontzejuen Plazan.

“Labe Garaia Eguna” Txabarri SestaON Bizi programaren babesarekin antolatu da. Programa hori Udalak jarri du martxan, Txabarriko hiri-berroneratze prozesuarekin batera lan soziokomunitarioko jarduera paraleloen bultzadarekin laguntzeko. Labe Garaiko bisita gidatuan parte hartu nahi dutenek lekua erreserbatu dezakete Sestao Berriko bulegoetan, 944064460 telefonoan edo Info@sestaoberri.eus helbide elektronikoan.

14Mar 2021

Sestaoko behealdean Sestao Berrik sustatutako District Heating, Auzo-berokuntzaren azpiegitura egin duen Tecman enpresak, instalazioak diseinatu eta dimentsionatzeko ingeniaritzak, bideoa zabaldu du lan honen inguruan. Bideoak sistemaren funtzionamendua azaltzen du eta Vicente Diez Plazako zorupean dagoen galdara aretoaren irudiak erakusten ditu. Bertatik, berogailua eta ur bero sanitarioa banatzen dira auzoko laurehun etxebizitzatara.

Sestao Berrik ekimen hau bultzatu du EU-GUGLE birgaitze energetikorako proiektu europarraren babespean. Proiektua beste auzo eta udalerritan errepikatu daiteke.

Bideoa ikusgai, hemen.

07Mar 2021

Sestao Berriren sorreraren hamabosgarren urteurrena dela eta, erakundeak led pantaila erraldoia jarri du Hiru Kontzejuen Plazan. Plasmak 14 metro karratuko azalera du, zazpi metro zabal eta bi metro altu.

Duela hamabost urte Sestao Berrik hasitako auzoaren hiri eta gizarte-berroneratzeko jardueren artean kokatzen da ekimena. Zehatzago esanda, udalerriko eremu horretan eten digitala hausteko konpromiso teknologikoari eusten dio. Pantaila erraldoia mota guztietako jarduera kultural eta ludikoen osagarri izango da, eta erreferente informatibo bihurtuko da, auzoarentzako albiste interesgarri eta gaurkotuak argitaratuta.

Gaur egun, Angel Aja artistaren “Sestao: iragana, oraina eta etorkizuna” margolan erakusketaren koadroak ikus daitezke pantailan. Erakusketa bisitatzeko modu bat da. Fisikoki Sestao Berriko bulegoetan dago erakusketa, baina covid-19arn pandemiak egotzi ditu oraingoz bisita presentzialak, Pantailaren inaugurazio-ergunean Hiru Kontzejuen Plazara hurbildu ziren komunikabideak albistea emateko. Besteak beste, Tele 7 kateak informazio tarte bat eskaini zion ekitaldiari.

Hemen ikus daiteke: https://tele7.tv/txabarri-estrena-pantalla-gigante/

24Ots 2021

Aste honetan hasi dira Txabarri kaleko 57. zenbakian dagoen eraikina eraisten. Eraikina hutsik zegoen aspalditik. Egoera txarrean zegoenez, garabi handi bat erabiliko da erabat eraisteko. Hogei metroko altuera duten babes-pantaila handiek eraispen-eremua sarratu eta babestuko dute.

Eraisteko lanek bi hilabeteko iraupena izango dute, gutxi gorabehera. Orubea hustu ondoren, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza publikoak eraikiko ditu, joan den astean Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Sestaoko Udalak eta Sestao Berrik iragarritako hitzarmenean jasotzen denez. Itun berriak Txabarri-El Sol eremuan hiri-berroneratze integraleko proiektuarekin jarraitzea ahalbidetuko du, alokairu sozialeko 127 etxebizitza dituen babes publikoko etxebizitzen sustapen berriarekin.

Txabarri kaleko 57. zenbakia ez da eremu horretan egingo den eraiste bakarra, ordez etxebizitza berriak eraiki ahal izateko. Hurrengoa, kale bereko 49. zenbakian dagoena izango da, eta, ondoren, 37. eta 39. zenbakiak erosi eta eraitsiko dira, Txabarrin. Hutsik eta horma eginda dagoen Los Baños kaleko 51. higiezinaz ere beste horrenbeste egingo da. 2005. urtean hiri-berroneratzeko jarduerak hasi zirenetik Sestaon, 400 etxebizitza zituzten 40 eraikin baino gehiago eraitsi dira.

23Abe 2020

Sestao Berri elkarte publikoa 2005ean eratu zen, Sestaoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak erdibana partaidetuta, Sestaoko gizarte eta hirigintza berroneratzeko erakundeen arteko lankidetzarako tresna izan zedin. Lan horrek hainbat jarduera hartzen ditu barne, hala nola lurzoruaren kudeaketa, etxebizitza eskuratzea, alokairuen kudeaketa, birgaitzea, azpiegituren sustapena, partaidetza eta elkarlan sozial eta komunitarioko proiektuak edo Europako proiektuetan parte hartzea, besteak beste.

Hona hemen Sestao Berrik hamabost urte hauetan egin dituen jardueretako batzuk:
• Lurzoruaren kudeaketa: Infraetxebizitzen ezabapena (Rivas, Urbinaga, Simondrogas eta Txabarri), eta 40 eraikin eraistea (400 etxebizitza), 650 pertsonari baino gehiagori eragin dieten 200 bizileku-aldaketen kudeaketa eta laguntza soziala eta juridikoa Sestao Berrik emanda.
• Etxebizitza eskuratzea: 466 etxebizitza sustatu dira (261 BOE La Bariegan, La Puntan eta Txabarrin; 102 etxebizitza sozial Orixe eta La Puntan; 103 etxebizitza libre La Puntan); 211 udal-etxebizitza alokairuan kudealketa; ASAP programaren kudeaketa (56 kontratu).
• ARI Txabarri-El Sol: 47 etxebizitzen birgaitze integrala lankidetza publiko-pribatuan; birdentsifikazio bidezko birgaitze integrala Abenduak 25 kaleko 20. zenbakian; orubeak berreraikitzea (33-35, 37, 43, 55 eta 57 Txabarri kalean eta 51 Los Baños kalean); Birgaitze partziala: Los Baños kalea (39,45,47 eta 49) Txabarri kalea (39,65 eta 69), La Galana kalea 15. 254 erkidegoren kudeaketa
Guztira, 290.000 euro baino gehiagoko inbertsio publikoa eta 350.000 euroko inbertsio pribatua. Eta azterketa-fasean, ARI berri bat, Iberia-Behekoan.
• Azpiegiturak, ekipamenduak eta urbanizazioak: Vicente Díez plazaren azpiko azpiegituren basoa sustatzea, barrutiko berokuntza-sarea (District Heating), El Sol parkea urbanizatzea, lehenengo elektrolineraren instalazioa (Hiru Kontzejuen plaza), Ikastunen Eskola eta Sorospen Etxea birgaitzeko programaren azterketa.
• Garapen soziokomunitarioaren sustapena: partaidetza sozial eta komunitarioko proiektuak, Txabarri SestaON Bizi programaren kudeaketa eta sustapena, laneratzeko proiektuak.
• Energia-zerbitzuen kudeaketa (Piztu Sestao). Etxebizitza sozialetan laguntza sozial energetikoa emateko E-LAGUN proiektua.
Zahartze aktiborako Housgai –proiektu berritzailea.
• Europako proiektuak: EU-GUGLE, Papirus, Trime, Nezer, Build Upon, +CityxChange.

21Abe 2020

AVS Euskadi, Etxebizitza eta Lurzoru Kudeatzaile Publikoen Elkarteko Euskal Atalak batzarra egin zuen urriaren amaieran, eta Zuzendaritza Batzordea berritu zuen. Batzarrak Luis Carlos Delgado, Sestao Berriko zuzendari kudeatzailea, izendatu zuen presidente. Delgado elkarteko presidenteordea zen ordura arte.

Aipatutako euskal elkarteak argitaratutako elkarrizketa batean, Delgadok azaldu du koronabirusak eragindako osasun-larrialdiak agerian utzi duela etxebizitza-kudeatzaile publikoek eta eremu horretako sozietate publikoek -Sestao Berri-ren pareko elkarteek- funtsezko zerbitzu-eginkizuna izan dutela ezohiko egoera horri aurre egiteko, errentak eta komunitate-gastuak ordaintzeko laguntza eskaera ugariak bideratuta. Elkarrizketan, halaber, birgaitzean energia-eraginkortasunak duen garrantziaz, erabiltzaileak energiaren aurrean ahalduntzeaz eta etxebizitzaren arloko trantsizio digitalaz hitz egin du. Hemen, elkarrizketa.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies