Sestao Berrik sustatuta, “Sestaoko Vicente Diez plazan 184 etxebizitza energetikoki birgaitzeko eta District Heating bat instalatzeko” proiektuak Etxebizitza eta Lurzoruaren Kudeatzaile Publikoen Espainiako Elkarteak eman zituen 2020ko AVS Sarietako bat lortu zuen atzo Sevillan. Zehazki, accesit bat eman zioten “Ingurumen kudeaketa hobea izan duen enpresa” kategorian. Epaimahaiak proiektuaren hainbat alderdi azpimarratu zituen saritzeko orduan. Horrela, aktan jasotzen denez, baloratu zuen “berokuntza eta ur beroa sanitarioaren sistema zentralizatu eta jasangarri bat egitea, auzune oso bat hornitzen duena, barruti bakoitzeko % 40 eta % 80 arteko lehen mailako energia aurreztea lortzea; energia berriztagarrien erabilera areagotzea; hiri-ingurunea eta irisgarritasuna hobetzea; berokuntza eta ur bero sanitarioko zerbitzuaren erabiltzaileen prestakuntza; sentsibilizazioa eta kudeaketa independentea egiteko aukera; eta prozesuan zehar ezarritako baldintzak ingurugiroaren kalitatea hobetzeko”.
“Eraikuntza Berriko, Etxebizitza Sozialaren Kudeaketako, Ingurumenaren Kudeaketako, Birgaikuntzako eta Zerbitzu Publikoetako Praktika Onenen AVS Sariak” banatzeko ekitaldia atzo, urriak 28 osteguna, ospatu zen Andaluziako hiriburuan. Bertan, AVS erakunde antolatzaileak -Sestao Berri elkarteko kidea da-, bere Batzar Nagusia egin zuen ondoren.
Sari-banaketara etxebizitza publikoarekin lotutako sektoreetako ordezkaritza zabala bertaratu zen, eta baita erakundeetako ordezkariak ere. 2020ko AVS Sarien deialdira proiektu ugari aurkeztu ziren, Espainia osotik. Aurre-hautaketaren ondoren, epaimahaiak guztira 30 hautagaitza onartzea erabaki zuen, atal desberdinetan.
AVS Sariak bi urtez behingo ekimena dira eta atzo banatutakoak 2020ko zazpigarren edizioari dagozkie, koronabirusaren pandemiak ezarritako murrizketen ondorioz atzeratu behar izan zena. Sestaoko alkatea den Ainhoa Basabek jaso zuen Sestao Berriri emandako saria. Ekitaldiaren anfitrioi gisa jardun zuen EMVISESA, Sevillako Etxebizitza, Lurzoru eta Ekipamenduko udal enpresako presidenteak, Juan Manuel Flores Corderok eman zion aintzatespena.