Gertaera

17Abe 2020

Iazko arrakastaren ondoren, aurten ‘Txabarri GabONn Bizi’ Balkoiak eta Leihoak edertzeko Lehiaketaren bigarren edizioa izango da. Sestaoko Udalak, Sestao Berri elkarte publikoarekin elkarlanean antolatutako lehiaketa honen helburua auzoaren ingurumen eta estetika kalitatea hobetzea da, balkoiak eta leihoak apainduz. Balkoien eta leihoen dekorazioa kaletik ikusi behar da, eta apaingarrien gaia Gabonekin lotuta egon behar da.

Lehiaketak 600, 400 eta 200 euroko hiru sari banatuko dizkie lehen hiru sailkatuei. Epaimahaiak diseinua, originaltasuna, argiztapena eta energia-eraginkortasuna baloratuko ditu, baita material birziklatuen erabilera eta inpaktu bisual globala ere. Izena emateko eskaera Sestao Berriren bulegoetan entregatu behar da (sarrera, Txabarri 16, behea) edo agconvivencia@gmail.com helbide elektronikora bidali behar da; bertan, lehiaketarekin zerikusia duen edozein kontsulta egin daiteke.

Lehiaketa honetan parte har dezaketen balkoiak eta leihoak honako hauei dagozkie: Txabarri (9. eta 89. zenbakien artean, bakoitiak eta bikoitiak), Isaac Albeniz, El Sol, Los Baños (45.etik 63. zenbakira eta 18.etik 28. zenbakira), Hiru Kontzejuen plaza, Autonomia (18.etik 24. zenbakira, 19. eta 21. zenbakiak), Urbano Ruiz Laorden, Iberia, La Bariega, Abenduak 25, Juan Crisostomo Arriaga (1., 4., 6., 8., 15. eta 17. zenbakiak), La Galana, Nicolás Ormaechea, Diego Mazquiarán, Oquillo, Alfredo Marín, Miguel Servet, Pablo Sorozabal (1., 2. eta 10. zenbakiak), Zumalakarregi (26.etik 32. zenbakira), Marqués de la Fidelidad eta Jose María Usandizaga. Informazio gehago, hemen.

 

Izena emateko orria (881KB)

Kartela (221KB)

16Abe 2020

Sestaoko Udalak eta Sestao Berri sozietate publikoak antolatutako Gabonetako programa hau Txabarri SestaOn Bizi proiektuaren garapenaren esparruan kokatzen da. Proiektu hori 2019an onartu zen, auzoko bizikidetza, gizarte-kohesioa eta egoera ekonomikoa hobetzeko helburuarekin.

Ekimenak hamabost jarduera izango ditu, guztiak doakoak, eta Hiru Kontzejuak Plazan egingo dira, abenduaren 18tik urtarrilaren 6ra bitartean. Besteak beste, Gabonetako azoka, balkoiak eta leihoak edertzeko lehiaketa, curling-pista, breakdance emanaldiak, txotxongiloak, komikoak, antzerkia, euskal dantzak eta zinema aire zabalean izango dira ikusgai. Esteka honetan, ekitaldien eguneroko programa.

09Abe 2020

AVS, Espainiako Etxebizitza eta Lurzoru Sustatzaile Publikoen erakundeko Euskal Atala den AVS Euskadi elkarteak, urriaren amaieran egindako batzarrean, aho batez, Luiskar Delgado, Sestao Berriko zuzendari gerentea izendatu zuen erakunde horretako presidente berri. Delgadok presidenteorde kargua zuen orain arte. Aurrerantzean Rafael Farias, Donostiako Etxebizitzako Enpresa Erakunde Publikoko gerenteak beteko du presidenteordetza. Bidebi Basauriko zuzendari gerentea, Pedro Rodríguez Toyos, elkarteko idazkari izendatu zuten. Izendapenokin batera, Euskal Atalaren ordezkaritza AVSren Batzorde Exekutiboan eta Batzorde Iraunkorrean berritu zituzten. Azken ordezkaritza Sestao Berriko zuzendari kudeatzaileak hartuko du bere gain.

Pandemiaren ondorioz telematikoki egindako bileran, aho batez onartu ziren ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen likidazioa eta 2020ko aurrekontu-gauzatzea, eta, besteak beste, presidente berriak elementu komunen horniduraren kontratazioa optimizatzeko E-lagun proiektuaren kudeaketari buruzko informazioa eman zuen.

2006ko otsailean eratu zen AVS Euskadi eta elkarte hauek ditu kide: VISESA, Alokabide, 21 Zabalgunea, Surbisa, Donostiako Etxegintza, Irunvi, Sestao Berri, Bidebi, Udal Etxebizitzak eta Promosa.

16Aza 2020

Sestaok, Portugaletek eta Santurtzik bertako biztanleak animatu dituzte klima-aldaketari aurre egiteko ideiak eman ditzaten, Europako Climathon ekimenaren esparruan. Ekimena joan den astean hasi zen, zehazki, azaroaren 13an, Europan Global Climathon Day ospatu zenean. Orduan, Europako hiriei dei egin zitzaien, tokiko mailan jardun zezaten klima-aldaketaren erronka globalen aurrean. Climathon-ek gai hauen inguruan hausnartzea eta jardutea proposatzen die herritarrei, gai berezirik zehaztu gabe. Udalerri bakoitzari dagokio gaia zehaztea, gehien kezkatzen duen edo hurbilen ikusten duen klima-erronkaren arabera. Ezkerraldeko udalerrien kasuan, Climathon SPS (Sestao, Portugalete, Santurtzi) ekimenak hausnarketa eta ideia berritzaileak sortzeko prozesua 2030. urtea baino lehen CO2 isuriak erdira murrizteko helburuan oinarritzea proposatu du.

Climathon SPS hiru saiotan, online, egingo da datozen asteetan. Parte-hartzaileek aipatutako erronkari buruz lan egingo dute, Ezkerraldean praktikan jar daitezkeen ideia berritzaileak garatzeko helburuarekin. Prozesu horretatik ondorioztatzen diren ideiak abenduaren 18an aurkeztuko dira jendaurrean, eta Sestaoko, Portugaleteko eta Santurtziko udalek ideia nagusia ezartzeko aukera baloratuko dute eta abian jartzen lagunduko dute. Deialdia ikasleei, ekintzaileei, profesionalei eta herriko elkarteei zuzenduta dago. Parte hartu nahi dutenek azaroaren 25a baino lehen eman behar dute izena: https://climathonsps.com webgunean.

21Ira 2020

El Sol parkearen birmoldaketa lanak, frontoia estaltzea barne, datozen egunetan hasiko dira eta lau hilabete inguru luzatuko dira. Honako hauek izango dira esku-hartzeak: eremuaren zoladura berria El Sol eta Vicente Díez plazaren arteko pasealeku linealean, argiteria berria, berdeguneen eta hiri-altzarien berrikuntza, eta frontoia estaltzea. Hiri-espazio horiek berreskuratzeari eta berrantolatzeari esker, aisialdirako eta jolas gune hori balioan jarri ahal izango da auzotarrentzat. Gainera, funtzio anitzekoa izango da, Luiskar Delgado Sestao Berriko zuzendari kudeatzaileak azaldu duenez; izan ere, frontoiaren estalkia jartzeak azpiegitura “erabilera anitzeko espazio” bihurtuko du, eta “hainbat jarduera egin ahal izango dira”. Jarduketa horien berri emateko komunikabideen aurrean Sestao Berrik egindako aurkezpen ekitaldian, Josu Bergara Sestaoko alkateak azpimarratu zuen obra horiek oso garrantzitsuak direla udalerriko behealdea berreskuratzeko, “Udalak eta Eusko Jaurlaritzak partekatutako hiri-berroneratzeko estrategia bat” gauzatzen baita bertan. Pedro Jaureguik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordeak bere aldetik, “Txabarri-El Sol bezalako auzo ahulenak berroneratzeko gobernuaren konpromisoa” azpimarratu zuen.

Txabarri-El Sol ARIaren eremuan egingo diren esku-hartzeek ez dira mugatuko aipatutako lanetara, bigarren fase batean jarraituko baitute, azpiegitura komunitario bat hedatuz: auzoko berokuntza edo district heating. Bigarren fase honetan, biomasa-galdara berri bat eta gas naturaleko beste bat instalatuko dira, behar izanez gero erabiltzeko, Txabarri kaleko galdara-gelan. Bertatik, beroa banatzeko bi adar aterako dira: bata, Txabarri kaletik Abenduaren 25 kaleraino, eta bestea, Los Baños kalerantz. Joan den uztailetik, azpiegitura horrek ur beroz eta berokuntzaz hornitzen ditu Txabarriko 249 etxebizitza eta 20 etxabe komertzial. Obra berriek aukera emango dute zerbitzua 189 etxebizitza eta 15 merkataritza-lokaletara zabaltzeko, Los Baños, Txabarri eta Abenduaren 25ean kokatutako 18 ataritan. Hauek ez dira auzoko berokuntza sarean sartuko diren azkenak, beste hainbat ere batuko baitira: Txabarri kaleko 65, 67, 69 eta 73 zenbakiak, zaharberritu ondoren, eta Nikolas Ormaetxea eta Oquillo kalean eraikiko diren etxebizitza berriak.

El Sol parkea birmoldatzeko lanek, frontoiko estalkia jartzeak eta auzoko berogailu sarea zabaltzeak 1,2 milioi euroko aurrekontua dute.

20Ots 2020

Aurreko asteartean, otsailak 18, Sestao Berrik eta Tech Friendlyk antolatu zuten Jardunaldiak ehundik gora lagun bildu zituen Sestaoko Musika Eskolan, hiri-agendaren esparru estrategikoak toki-eremuan eskaintzen dituen aukerak aztertzeko.

Josu Bergarak, Sestao alkateak, udalerriaren etorkizuna jasangarritasunarekin lotu zuen bertaratutakoei egindako ongietorrian. Ondoren, Hiri Agendaren eremuei buruzko txostenen aurkezpena hasi zen. Patricia Molinak (Tecnalia) Europaren ikuspegia jorratu zuen; Sonia Hernandez (Garraio Ministerioa), Espainiako agendaz aritu zen; Leyre Madariagak (Eusko Jaurlaritza), tokiko agenda landu zuen, eta Arantza Leturiondo sailburuak, Euskadiko Bultzatu 2050. Mahai-inguruei bide eman aurretik, Agate Goyarrolak (Ihobe) tokiko agenda ezartzeko metodologiak zehaztu zituen.

Plangintza estrategikotik ekintzarako bidea udalerrietan gaia eztabaidatu zuten mahai-inguru batean Asier Abaunzak (Bilbo), Amaia del Campok (Barakaldo), Igotz Lopezek (Zamudio) eta Iñigo Urkitzak (Getxo). Beste mahai-inguruak, Garapen Jasangarrirako Helburuen zerbitzura dagoen tokiko berrikuntza garatu zuen. Pedro Jauregik, Etxebizitza sailburuordeak, José Miguel Erdozainek (Tekniker) eta Luis Karlos Delgadok (Sestao Berri) parte hartu zuten. Azken honek auzo-berokuntzaren proiektua aurkeztu zuen. auzoa egituratzeko, energia aurrezteko eta Sestaoko garapen jasangarria bermatzeko duen balioa azpimarratuz.

12Ots 2020

Datorren asteartean, otsailak 18, “Hiriak pentsatzeko era berri bat. Hiri-agenda” izenpeko Jardunaldia egingo da Sestaoko Musika Eskolan. Tokiko berrikuntza eta hiri-garapeneko politikaren beharra balioztatu nahi da Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko helburuaren aurrean. Sestao Berrik eta Tech friendly-k antolatutako ekimen honek Hiri Agendaren esparru estrategikoak herri mailan eskaintzen dituen aukerak jorratuko ditu, eta bere helburuen berri emango du, baita jardunbide egokien aurkezpenekin ere.

Jardunaldia goizeko 9etan hasiko da Musika Eskolako Ekitaldi Aretoan. Sestaoko alkate Josu Bergarak ongietorria eman ondoren, GJHei tokiko esparrutik heltzeko moduari buruzko txostenen azalpena hasiko da: Patricia Molinak (Tecnalia) Europa Ikuspegia-Hiri Agenda aurkeztuko du; Sustapen Ministerioko Sonia Hernandezek gauza bera egingo du Espainiako Hiri Agendarekin; Arantza Leturiondok (Eusko Jaurlaritza), Euskadi-Bultzatu 2050 Hiri Agendarekin; eta Leyre Madariagak, Tokiko Agenda 2030ekin. Ondoren, Agate Goyarrolak (Ihobe) Tokiko Agenda 2030 ezartzeko metodologia jorratuko du. Kafea hartzeko etenaldiaren ondoren, antolatuta dauden bi eztabaidetako lehena hasiko da, “Tokiko berrikuntza, GJHen garapenerako driver gisa”. Hurrengo eztabaidaren izenburua “GJHak bilatzen. Plangintza estrategikotik ekintzara”. Jardunaldia itxi aurretik, Tech Cities rankingaren I. Deialdiaren irekiera ofiziala egingo da.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies