EU-GUGLE proiektu europarrarekin konprometitutako mankomunitateetan birgaitze energetikorako obren amaiera azpimarratzen da Sestao Berri sozietateak argitara eman berri duen 2019ko Jardueren Memoriako balantzean. Horrekin batera, Txabarri-El Sol ARIko zenbait eraikinetan egindako beste jarduera batzuk eta Galindo Ibarreko La Punta eremuan lehenengo etxebizitza-eraikinak amaitu izana ere aipatzen da, besteak beste.
2019ko ekitaldian, halaber, obrak hasi ziren Vicente Díez plazan, azpiegitura ontzia jartzeko bertan. Azpiegiturak, funtsean biomasaz elikatutako auzo-beroketarako District Heating sarearen galdara komunitarioen gela hartzen du.
Udal etxebizitzen parkearen eta ASAP alokairurako interbentzio programaren kudeaketa zehazteaz gain, Sestao Berriren 2019ko Jardueren Memoriak Txabarri-El Sol PERRIaren aldaketa behin betiko onartzeak (2018ko abenduan onartua) iaz izan zuen garrantzia ere aipatzen du. Izan ere, Birgaitze eta Barne Erreformarako Plan Berezi horren guztiaren berrikuspen orokorra egitea ahalbidetu zuen, 2008ko krisialdi ekonomikoaren osteko baliabideetara eta egungo egoera sozioekonomikora egokituta.
2019an izandako beste jarduera estrategiko batzuei buruz garatutako atarikoak ere jasotzen ditu Sestao Berriren txostenak; besteak beste, Ikastunen Eskolaren eta Sorospen Etxearen etorkizuneko erabilerei buruzko hausnarketa eta “Txabarri SestaON Bizi” garapen soziokomunitarioko planaren lehen ekintzen exekuzioari buruzkoa. Plan hori udaleko alderdi politikoek aho batez onartu zuten.
Europako proiektuetan parte hartzeari dagokionez, nabarmentzekoa da 2019an Sestao +CITY XCHANGE proiektuan sartu zela. Energia positiboko barrutiak sortzeko helburua du proiektuak. Horren arabera, energia elektrikoa sortzeko eta autokontsumo partekaturako proiektu-pilotu bat garatuko du Sestaoko hiru eraikinen artean: Ikastunen Eskola, Patronatua eta Arku Etxea.